Euskara-plana 2017ra arte luzatuko du Erandioko Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 12a, 12:00
Erandioko Emakumeen Elkarteko kideak euskararen lekukoa eroaten, iazko Korrikan.

Erandioko Udalak udalerriko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia 2013-2015 luzatu du, 2017ko abendura arte. Erabakia otsailaren 25eko Udalbatzan hartu zuten; aurretik oniritzia eman zuen Hezkuntza, Musika Eskola eta Euskara Arloko Informazio Batzordeak.

Proposamena Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak egin zuen, iaz amaituta egon behar zuen plana luzatzeaz gainera, berori Eusko Legebiltzarrak 2013an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) dokumentura moldatzeko. Era­bakia onartu arren, ez da irmoa izango hilabetez jendaurrean erakutsi arte eta balizko alegazioak, erreklamazioak eta iradokizunak ebatzi arte.

Erandioko Euskara Sustatzeko Ekintza Planak bederatzi arlo hartzen ditu, hiru multzotan. Euskararen jabekuntza ziurtatzeko, honako bideak sendotuko dituzte: familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, eta euskalduntzea eta alfabetatzea. Euskararen erabilera sustatzeko, ordea, aisia eta kirola izango dira tresnak. Azkenik, euskararen elikadura sustatzeko indartuko dira liburugintza, kulturgintza, hedabideak, sentsibilizazioa eta motibazioa eta bestelako arloak. Legegintzaldi Planaren arabera, 2018ko udarako abiatuko luke Erandiok hurrengo ESEP.

Erandioko ESEPen laburpena

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun