Goiherri sokatira-taldeak estalpean entrenatuko du

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 20a, 17:05
Iaz, besteak beste 600 kiloko txapela irabazi zuten Goierrikoek. © GOIHERRI SOKATIRA TALDEA

Goierriko antzinako eskolak estalita egongo dira datorren udagoienerako. Izan ere, Erandioko Udalak iragarri duenez, udako hilabeteotan bertako kirol-gunea zabaltzeko lanak egingo dituzte. Egurrezko estalki bat jarriko dute beharginek.

Hala, bertako Goiherri sokatira-taldearentzat, entrenatzeko baldintzak nabarmen hobetuko dira. Udal agintariek aurreratu dutenez, lanen aurrekontua 60.000 euro inguru izango da.

Goierriko sokatira-taldearentzako entrenamendu-aterpea EH Bilduk eskatu zuen aurtengo aurrekontu eztabaidan, pasa den abenduaren 22an; Udal Gobernuak orduan onartu zuen egitasmoa, eta agindu zuen aurrera eroango zuela, 2015ean soberan izan ziren diru-partidak erabiliz. Gainera, urtarrilean argitaratu zuten 2015-2019 legegintzaldirako plana txostenean, EAJk eta PSE-EEk berretsi zuten "Goierri eremuan kirol-instalazio berri bat jarriko" zutela, "sokatiran aritzeko aproposa". Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxa funtsaren kalkuluak birritan beherantz aldatu dituenez, koalizio abertzaleak behin eta berriro eskatu du, Erandioko Udalak murrizketarik eginez gero, Goierriko azpiegiturari kalte egin barik izan zedin. Udal Gobernuak beti erantzun izan die adostutako aterpe ez zegoela arriskuan.

Bestalde, Goiherrik Lur gaineko Euskadiko Sokatirako Txapelketen lehenengo finala, 680 kilokoa, jokatuko du domeka honetan, maiatzak 22. Hitzordua Gipuzkoako Deba herrian izango dute, goizeko 11:30ean. Adituen arabera, bertan faboritoa Laukizko Gaztedi A zortzikotea izango da, orain arteko kanporaketa biak irabazi dituelako. Hala, Berriatuan zazpi puntu eta Mutrikun beste horrenbeste batu zituzten. Goiherri A taldeak, ostera, 12 puntu lortu ditu denera, eta Goiherri Bk, berriz, 10 puntu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun