Haxix-klubak arautuko ditu Erandioko Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 10a, 16:25

Haxix-kontsumitzaileen elkarteak arautuko ditu Erandioko Udalak. Hori egin bitartean, urtebeteko luzamendua ezarri du Udalak. Hala, Erandio da Bizkaiko lehenengo udalerria haxix-klubak arautuko dituela agindu duena.

Pasa den apirilaren 13an argitaratu zen “Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkaria”-n Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralaren EAEko Legea. Bere 83. artikuluan,  Legeak ezartzen du “kalteak gutxitzeko eta osasuna babesteko, erregelamendu bidez arautuko” direla “kalamua kontsumitzen duten adin nagusikoek osatutako elkarteak, baldin eta legez erregistratuta badaude eta irabazi-asmorik gabekoak badira”. Hori kontuan hartuta, Erandioko Udalak “Erandioko udalerrian cannabis-kontsumitzaileen elkarteak edo klub sozial pribatuak ezartzeko baimenak etetea” erabaki egin du, itsasadarraren aurreko ostatu batean horrelako klub bat zabaltzeko eskakizuna jaso ostean.

Luzamendua urtebetekoa izango da, eta bitartean, Udalak araudi bat aztertzeko prozedurari hasiera eman dio, horrelako jarduerak kokatzeko baldintza teknikoak zehazteko eta “pertsonen osasuna, bizikidetza, ingurumena eta interes kolektibo zaurgarriak babesteko".

Alkatearen dekretua

Eusko Legebiltzarraren Legea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun