Zapatutan programa estreinatuko du bihar Erandioko Euskara Zerbitzuak

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 21a, 11:17
Hainbat jarduera egingo dute Zapatutan tailerretan. PRESSFOTO - FREEPIK.COM

Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak Zapatutan ekimen berria jarriko du martxan aste-akabu honetan, familien arteko harremanetan euskara sustatzeko helburuz. Programa 4 urtetik gorako umeentzat izango da, guraso edota beste senideek lagunduta. Izenak dioenez, saioak zapatuetan egingo dituzte, 17:00etatik 18:30era, urriaren 22tik abenduaren 17ra bitartean, Altzaga, Astrabudua eta Erandiogoikoan, txandaka. Izen-ematea urriaren 5ean zabaldu zuten. Horrenbestez, etziko saioa Erandiogoikoko gizarte-etxean egingo dute; eraikuntza- eta sormen-ikastaroaz gozatzeko aukera egongo da.

Saio bakoitzean, 12-15 umez eta beraien guraso edo familiako kideez osatutako taldeak izango dira. Ekintza denak euskaraz garatuko dira, beraz umeakaz datozen helduak euskaraz komunikatzeko gai izan beharko dute, tailerretako harreman hizkuntza bakarra euskara izango baita, umeakaz zein nagusiakaz. Ume bakoitza, gehienez heldu bategaz egon ahal izango da tailerrean, heldu bakoitzak aldiz, gehienez, hiru umeren ardura eduki ahal izango du.

Zapatuan programaren helburu nagusiak bi dira. Alde batetik, egoera ludikoetan, euskara modu positiboan bizitzea lagunartean eta senitartean. Beste aldetik, familia euskaldunei elkarren artean ezagutzeko guneak eskaintzea, euskaraz aritzeko aisialdiko ekintzen bidez.

Izen-ematea internet bidez egin ahal izango da eguaztenetik aurrera, honako webgunean: Erandiokoeuskarazerbitzua.eus. Inskripzio bana egin beharra dago tailer bakoitzerako, epea zabalik egongo da urriaren 5etik tailer bakoitza egin aurreko astelehenera arte.

Edozein zalantza daukanak Erandioko Euskara Zerbitzuagaz harremanetan jar daiteke, honako bitartekoen bidez: euskara@erandioko-udala.net posta elektronikoa eta 944 890 128 telefono zenbakia.

Antolatzaileen oharrak umeen senideentzat

  • Ezin bazarete etorri, garaiz abisatu! Zuen ordez beste familia bat etorri ahal izango baita.
  • Garaiz joan, antolatzaile, irakaslea eta beste familiengatik.
  • Dakizun euskara erabili, umeekin zein helduekin.
  • Tailerrak denontzat dira, umeek eta helduek elkarrekin gozatzeko.

Egitaraua

  • Urriaren 22an, eraikuntza- eta sormen-tailerra, Erandiogoikoko gizarte etxean.
  • Urriaren 29an, mozorro-tailerra, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
  • Azaroaren 5ean, globoflexia-tailerra, Altzagako Ludotekan.
  • Azaroaren 12ean, sukaldaritza-tailerra, Erandiogoikoko gizarte etxean.
  • Azaroaren 19an, barreterapia-tailerra, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
  • Azaroaren 26an, itzalezko titere-tailerra, Altzagako Ludotekan.
  • Abenduaren 3an, eskulan-tailerra, Erandiogoikoko gizarte etxean.
  • Abenduaren 10ean, kli kla berzikalpen-tailerra, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
  • Abenduaren 17an, musikoterapia-tailerra, Altzagako Ludotekan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun