Xabier Kintanak eskuratu egin du Bilboko Ospetsuak-en garaikurra

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 14a, 20:29
Xabier Kintana, eskumatik lehena, gaurko ekitaldian. © BILBOKO UDALA

Xabier Kintana euskaltzain erandioztarrak "2016ko Bilboko Ospetsuak" deritzon aintzatespenaren garaikurra jaso du gaur, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik. Beragaz batera, Jose Angel Iribar "Txopo", Sara Estévez, Jose Antonio Garrido eta Begoña Rueda izan dira omenduak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak golardoak eman dizkie gaur arratsaldean "2016ko Bilboko Ospetsu" berriei. Ohorezko aintzatespen horren bitartez, Udalak, gaurdainoko ibilbidean hiriaren izen ona zabaldu duten pertsona edo erakundeen lana saritu gura du.

2001ean sortutako sari horren helburua, Juan Mari Aburtoren esanetan, "gure hiriaren azkenaldiko historiarekin garatu eta historia horretan behin-betiko txertatuta geratu diren bizitzak eta ibilbideak aldarrikatzea" da.

Aurten, Udalak bost lagun berri gehituko dizkio Bilboko Ospetsuen zerrendari:

  • Xabier Kintana, euskaltzaina, filologoa, ikerlaria eta idazlea, euskararen erabilera sustatu eta erabiltzeko eskubideak zaintzeagatik.
  • Jose Angel Iribar "Txopo", Athleticeko atezain mitikoa, munduko onenetarikoa.
  • Sara Estévez, lehenengo kirol kazetari emakumea eta kronista, bere ibilbide baliotsuagatik.
  • Jose Antonio Garrido, enpresa-ibilbide garrantzitsua egiteagatik eta Bilboko etorkizunaren alde jardun duen langile nekaezin eta handinahia izateagatik.
  • Begoña Rueda, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen alde borroka egiteagatik eta Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearekin egin duen lanagatik.

Alkateak adierazi duenez, "bost izen hauek Bilboren azkenaldiko historia aberastu dute, eta nork bere zereginetik, hiri hau solidarioagoa eta inklusiboagoa, jakintsuagoa, euskaldunagoa eta modernoagoa egiten lagundu duzue, enpresez eta jarduera ekonomikoz hornituagoa eta, nola ez, zuri-gorriagoa eta Athletic-zaleagoa".

Aburtok eskerrak eman dizkie aurtengo bost sarituei "egin duzuen ekarpenagatik", eta argi utzi die hemendik aurrera "Bilboko ospetsu berriak” direla, “gure hiriko enbaxadore eta faro berriak”.

Bilboko Ospetsuen zerrendan, aurtengo bost sarituak barne, 89 lagunek osatzen dute orain arte: musikariak, abeslariak, konpositoreak, historialarik, idazleak, sukaldariak, aktoreak, enpresak, enpresa-zuzendariak, ikastetxeak, zinema-zuzendariak, modako profesionalak, artistak, jatetxeak…

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun