Ahoztar Zelaietak bere azken liburua aurkeztuko du bihar iluntzean Altzagan

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 15a, 17:27
Ahoztar Zelaieta kazetaria.

Ahoztar Zelaieta ikerkuntza-kazetariak "Evasores, morosos y millonarios vascos. Panamá connections" orain arteko bere azken liburua aurkeztuko du bihar, barikua, Erandioko Kalezulo gaztetxean, 19:30etik aurrera. Euskal enpresariek, abokatuek, politikariek eta bankariek Panama eta Castellana auziekaz dituzten loturak ezagutzeaz gainera, entzuleek liburua erosteko aukera izango dute. Gaztetxeak "zentsura informatiboari aurre egitera" deitu du. Zelaietak salatu duenez "Mundakako liburutegi batean eta Gasteizko beste batean saiatu naiz liburua aurkezten, eta betoa jarri didate, edukiagatik".

Kazetariak gogorarazi duenez, berbaldiak emateko ez ezik komunikabideetan ere trabak badira informazioa "deserosoa" zabaltzeko: "Eztabaida asko eskaini dizkio EITBk Panamako paperei, Imanol Ariasi buruz hitz egiteko. Minersa eta Sulquisa enpresak agertzen dira paperetan, Neguriko familia handienak. Zergatik ez dituzte horien izenak ematen? Horietako bat, adibidez, 'El Correo'-ko ekonomia zutabegile nagusia da. Jabier Etxebeste mezenasa ere agertzen da paperetan. Interes ezberdinen gainetik, publikoaren interesa dago".

Ahoztar Zelaieta kazetari santutxuarrak eskarmentu handia dauka ikerkuntza-kazetaritzan. Tas-tas irratian hazi ostean, "Egin" egunkariko ikerketa-taldean ibilbide oparoa egin zuen. Baltasar Garzón epaile espainiarrak komunikabide hori itxi ostean, "Ardi Beltza" eta "Kale Gorria" aldizkarietan jardun zuen. Azken hori 2004an itxi ostean hainbat urte eman zuen kazetaritzatik kanpo. Kriminologia ikasi zuen eta Euskal Herriko lehen kriminologo elkarteko sorreran parte hartu zuen.

Orain dela hiru urte, "Jóvenes Burukides Bizkainos: Clientelismo y fontanería" ikerkuntza-liburu monografikoagaz bueltatu zen. Arrakastaren ondorioz, urtero beste monografiko bat argitaratu du: "La Casta Vasca" eta "Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria". Pasa den Durangoko Azokan aurkeztu zuen laugarren liburua, Panama eta Castellana auziei euskal begirada ipintzeko. Bitartean, Zelaieta "Gabe" aldizkaria sortzeko lanean hasi zen iaz, "Kale Gorria"-ko hainbat kidegaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun