Ekonomia  Erandio 2017-02-01 18:35

Mobilizazioak hasi dituzte GESeko beharginek

Global Energy Services (GES) enpresak ordezkari sindikalei jakinarazi die 400 behargin baino gehiago bota gura duela. Hori dela eta gaur goizean mobilizazioak hasi dituzte Bilbon Enekuriko langileek.

Mobilizazioak hasi dituzte GESeko beharginek
Gaurko elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan, Bilbon. | Ikusi handiago | Argazki originala

Enekurin dauka egoitza nagusia GES enpresak, parke eolikoak eta fotovoltaikoak muntatu eta mantentzen ditu; Erandion, 160 langile ditu. Horrez gainera, lantegiak ditu Madrilen, Zaragozan, Cadizen eta Coruñan ere. ELA sindikatuak salatu duenez, denera beharginen %69 kaleratu gura ditu sozietateak: 453 langile. Kaleratze horietako asko Enekuriko zentroan eman daitezkeela uste du ELAk.

Hala, gaur goizean mobilizatzeari ekin diote Erandioko langileek, egun erdiko lanuztea eginez, lanpostuak eta lan-baldintzak errespeta ditzaten eskatzeko. Gainera, enpresak egindako proposamenaren arabera, lanean jarraituko duten beharginak urtebetez egongo lirateke aldi baterako erregulazio espedientean, eta euren soldatak %5 jaitsiko lirateke, gutxienez.

Pasa den abenduan, enpresa hartzekodunen lehiaketara atera zen. Urtarrilean, Christian Lay Extremadurako taldeak enpresaren zorrak erosi zizkien lau bankuri, %20a ordainduta. ELAk salatu du operazio hori "erabat iluna" dela. Bestalde, General Electric konpainiak GESekiko kontratuak bertan behera utzi ditu, langileak subrogatu barik. Gamesa ere bide beretik doa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa