Etxebizitza kolaboratiboen gaineko berbaldia izango da bihar Altzagan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 9a, 16:25

Irati Mogollón (ezkerrean) eta Ana Fernández (eskuman), iaz, Emakundeko arduradun bategaz ikerketa aurkezten. © EUSKO JAURLARITZA

Irati Mogollón García soziologia-irakasleak berbaldia eskainiko du Erandion, zaintzaren arkitekturen inguruan. Hitzordua bariku honetan izango da, 19:30ean, Gautxoriak elkartearen lokalean, Altzagako San Jeronimo kalean. Izan ere, Erandioko Txoko Feminista eta Gautxoriak dira antolatzaileak. Berbaldian, Mogollónek Ana Fernández Cuberogaz batera idatzi duen ikerketa aurkeztuko du: "Zaintzaren arkitekturak. Nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak. EAEko eta Europako adibideak". Aurkezpenaren ostean, eztabaidarako tartea ere izango da.

Aipatutako ikerketak iaz jaso zuen Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako bat. Ikerketa horretan EAEko proiektu hasiberri batzuk eta Europan denbora gehiago duten beste proiektu batzuk aztertu dituzte, hala nola, Suedia, Danimarka eta Alemaniakoak. Zahartze-prozesuaren erronkari etxebizitza kolaboratiboen bidez heldu gura dieten errealitate europarrak ikertu dituzte, eredu horien ezaugarritzea gure testuinguru sozial eta ekonomikotik begiratuz.

Emakunderen ustez, "ikerketa baliagarria da horrelako zaintza-proiektuetan sakondu nahi duten pertsonentzat, gaur egungo zaintza ereduaren aurrean alternatibak bilatu nahi dituztenentzat, hain zuzen ere. Gaur egungo zaintza-eredua neurri handi batean emakumeen eskuetan dago eta era horrelako aukera berriak izan daitezke bide bat beste eredu bat ezartzeko eta emakumeen ahalduntzea eta zahartze aktiboa bultzatzeko".

Zaintza, zahartzea eta generoa kontuan hartuta 19 etxebizitza kolaboratibo aztertu dituzte ikerketan, era askotakoak: emakumeenak bakarrik, mistoak, 55 urtetik goragokoenak, hainbat belaunaldi nahasten dutenak, urbanoak, hiritik kanpokoak… eta abar. Proiektu horien ezaugarriak ikertu dira, bai azpiegitura bigunak deitzen direnak (adibidez gobernantza-ereduak edo zaintza-ereduak) eta baita azpiegitura gogorrak, hau da, espazio-kontuak, eta gai finantzario eta legalak.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun