Eskalada-murrua eraikiko dute Erandiogoikoko San Jose auzoan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 15a, 16:29
San Jose auzoko parkea.

Erandioko Udalak eskalada-murrua eta entrenamenduak egiteko gunea ipiniko ditu datozen hilabeteotan, Erandiogoikoko San Jose auzoan, sarbidean dagoen parkean, bertan kirol-gune txiki bat ezarriz. Proiektu biak auzokideek erabaki dituzte, Udalak egindako inkestan, bertan kokatuko duen “aisialdirako eta gozamenerako gune berria” hauta zezaten. Galdeketa horretan, kirol-ekipamendu biak lehenetsi zituzten herritarrek, euren arteko aldea boto batena izanda.

Hala, Udal Gobernuak hasieran egitasmo bat bakarrik egiteko asmoa bazuen ere, azkenean bi egingo ditu.
Ostera, hurrengo baterako geratu dira galdetegian proposatutako beste aukera batzuk: ume-jolasen gunea eta pertsona nagusientzako kaleko gimnasia-gunea. Aipatutako lau aukerez gainera, auzotarrek bestelako ekimenak eskatzeko aukera ere izan zuten.

Prozesu parte-hartzailean Udalak gogorarazi zuenez, auzoko sarreran dagoen parkean lehen “bazeuden zabuak, baina kendu egin behar izan ziren, ez zutelako araudia betetzen eta hondatuta zeudelako”.

Aisialdirako ekipamendua auzoaren berrurbanizazio-proiektuagaz lotu du Udalak. Izan ere, datozen hilabeteotan zenbait lan egingo dituzte saneamendu-sarean, espaloietan, lorategietan, berdeguneetan, galtzadetan, eta abarretan. Horrez gainera, autoa uzteko gune berriak ezarriko dituzte San Jose auzoan; "sartu-irten eroso eta praktikoagoetarako zirkulazio-sistema bat" ere ipini gura du Udalak San Josen. Udal-iturriek diotenez, proiektua faseka egingo da. Behar horien kostua 300.000 euro ingurukoa izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun