Enekuriko GESek 25 behargin kaleratuko ditu

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 10:40

Pasa den otsailaren 1ean hasi zituzten mobilizazioak GESeko beharginek.

Enekuriko Global Energy Services (GES) enpresak 25 langile kaleratuko ditu. Gainera, Enpresak Estatu espainiarrean dituen 631 beharginetako eta sindikatuetako gehiengoaren adostasunagaz egingo du. Pasa den eguaztenean bozkatu zuten langileek eta gehiengoz enpresaren baldintzak onartu dituzte. UGT, CCOO eta CIG sindikatu galiziarra alde agertu dira; ELA eta CGT Aragoi, aurka daude eta ez dute Enplegu Erregulazio Espedientea sinatuko. Halere, aldekoek gehiengoa dute negoziazio-mahaian.

Zuzendaritzak proposatutako neurriak onartuta, denera 149 kaleratze izango dira, horietako 25 Erandion, enpresaren egoitza nagusian. Hasieran, bertako 60 langileren kontratuak bertan behera uztea eskatu zuen enpresak. Sozietateak parke eolikoak eta fotovoltaikoak muntatu eta mantentzen ditu.

Gainera, enpresak egindako proposamenaren arabera, 208 langileri lanaldia urtebetez %33 gutxituko diete eta behargin denei gainsariak kenduko dizkiete 2017an eta 2018an.

Pasa den abenduan, enpresa hartzekodunen lehiaketara atera zen. Urtarrilean, Christian Lay Extremadurako taldeak enpresaren zorrak erosi zizkien lau bankuri, %20 bat ordainduta. ELAk salatu zuen operazio hori "erabat iluna" dela. Bestalde, General Electric konpainiak GESekiko kontratuak bertan behera utzi zituen, langileak subrogatu barik. Gamesa ere bide beretik zihoan, baina azkenean zenbait kontratu berretsi ditu.

ELAren oharra

ELAk ez du sinatu GES-Enekuriko enplegu-erregulazioko espedientea

Behin EEE, ERTE eta lan-baldintzak nabarmen aldatzeko kontsulta-aldia amaitu ondoren, ELAk ez sinatzea erabaki du, ez baitago ados neurriak hartzeko formekin, ezta funtsarekin ere.

Langileak kaleratzeko eta lan-murrizketak egiteko plan hori hartzekodunen lehiaketa baten barruan gauzatu da. Aldez aurretik prestaturiko lehiaketa horren helburua 3i inbertsio-funts alemana Cristian Lay enpresa-taldeari saltzea zen. Eta enpresa bat lehiaketan sartzen denean, zorrari kitatzeak egin ahal izateaz gain, abagunea ere bada horrelako doikuntzak egiteko.

Espedientea enpresak estatuan dituen lantokietan gauzatzen ari da, eta adosturik dago CCOOrekin (4 kide mahaian), UGTrekin (4) eta CIG-Galiziarekin (2). Aurka ELA (2) eta CGT-Aragoi (1) azaldu dira.

Neurri horren ondorioz 149 langile kaleratuko dira, horietatik 25 Enekuriko lantokitik. Eta, gainera, geratuko diren langileei kontratuaren %33 etengo zaie urtebetez, eta 2017 eta 2018 urteetan soldata-hobaria kenduko zaie.

ELAk enpresaren jarrera salatzen du. Izan ere, prestatu dute jokaleku bat, non proiektu berriari bide eman ahal izateko, langileek ezinbestez uko egin behar dieten beren oinarrizko lan-eskubideei. Salatu beharrekoa da, halaber, CCOO eta UGT sindikatuen jokabide otzana; zeren, enpresaren argudioei txintik esan gabe, beste EEE bat sinatu dute kaleratzeekin, kontratu-etendurekin eta soldata-murrizketekin. ELAk aldarrikatzen du horrelako espedienteei aurre egiteko beharra, eta baita eraginpeko langileen defentsa juridikoa hasteko beharra ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun