"Onura publikoko" kirol-kluba izendatu dute Erandio Kirol Elkartea

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 16:00
Marina García, Erandioko Kirol Elkartearen presidentea.

Erandio Kirol Elkarteak orain dela urte bi ospatu zuen bere mendeurrena; orduan hartutako bultzadak pausu berriak emateko baliatu izan du. Azken urratsean, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarengana eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuarengana heldu dira. Biek sinatu dute kluba historikoa "onura publikokotzat" aitortzen duen dekretua.

Marina Garcíak zuzendutako klubak zenbait abantaila izateko eskatu zuen onura publikokotzat jotzea. Izan ere, izendapen hori lortuta, kirol-elkarteak baldintza hobeetan eskatu ahal izango ditu erakundeetako maileguak, lehentasuna izango du kirol-ekipamenduetarako laguntzetan eta hainbat hobari izango ditu foru-zergetan. Erandio Kirol Elkarteak garrantzi handia eman dio balizko kirol-ekipamenduetarako laguntzei, aspaldidanik Ategorri futbol-zelaia zaharberritu beharra dagoela nabarmendu baitu; Udalari eskatu arren, horrek ez du gura zelaia bere gain hartu.

Dekretua

Egoitza aldaketa

Era berean, klubak Ez Ohiko Batzar Orokorra deitu du datorren eguenerako, martxoak 2, 19:30ean, Azoka Zaharrean. Gai bakarra izango dute eztabaidagai kirol-elkarteko bazkideek: Jado kaleko 1. atariaren ondoko BBKko bulego ohiaren lonja erosi, egokitu eta bertara eroan Bereterretxe kaleko egoitza soziala edo Zuzendaritza Batzordeak proposatutako operazio hori bertan behera uztea. Klubeko zuzendaritzaren arabera, gaur egungo egoitzak "ez dauzka beharrezko baldintzak" talde historikoarentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun