Zazpi hilabeteko esperientzia
Habitat Bizkaia ekimena pasa den irailaren 6an onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, Bizkaia Goazen 2030 planaren ardatz estrategikoen barruan. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak prestatu zuen egitasmoa eta berau bideratzeko Zubietxe Fundazioagaz hitzarmena sinatu zuen.
Habitat Bizkaia programa 20 etxebizitzagaz hasi zen, bakoitzean etxe gabeko pertsona bana jasotzeko asmoz. "Housing First" izeneko filosofiatik abiatu da, Rais Fundazioak beste herrialde batzuetan bultzatu dituen esperientzietan oinarrituta. Filosofia horrek proposatzen du gizarte inklusioa edo gizarteratzea etxebizitzatik abiatuta erraztea, urtetan etxebizitzarik izan ez duten eta parte hartu duten prozesuetan emaitza onik lortu ez duten pertsonei; hala, espero da etxebizitza izan dadila pertsona horiek behar duten gainerako bilakaerarako bultzatzaile moduko zerbait.
Programan parte hartzeko, interesdunek parte hartzeko nahia adierazi behar dute, eta onuradunek goi-mailako autonomia izango dute, behin etxebizitzetan bizi izaten hasita, euren autonomia-maila eta euren erabakiak hartzeko gaitasunean gero eta burujabeagoak izan daitezen.
Balorazio-mahaia
Programak Bizkaian duen eraginaren ebaluazioa egingo da, eta kontroleko talde batek onuradunen lorpenak alderatuko ditu, bost kontu gogoan izanda:
- Programa abiarazi eta burutzeko orduan agertu diren zailtasunak eta arazoak, halakorik agertu bada.
- Programaren bidez lortutako emaitzak ezagutzea, eta beste esku-hartze prozesu batzuekin erkatzea.
- Egindako inbertsioak aztertzea eta beste esku-hartze prozesu batzuekin erkatzea.
- Programak erabiltzaileen bizi-kalitatean izan duen eragina, QoLI Indizea deritzon tresnaren bidez.
- Pertsona horien eskumenek eta gaitasunek programa garatzen den bitartean izan duten bilakaera, sartzeko unean zein programa garatzen den bitartean eta esku-hartze prozesuaren amaieran.
2016ko foru-aurrekontuan, 249.769 euroko inbertsioa egin zen Habitat Bizkaia programan.