1937ko apirilaren 22an hasi eta 26ra arte mantendu zen Erandioren aurkako bonbardaketa. Horren eraginez, 29 hildako eta 37 zauritu izan ziren, Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintza Sailak 1937ko ekainaren 9an jakinarazi zuenez. Kopuruak ziurtatzeko udalen eta Ertzantza Igelatuaren (garai hartako Ertzaintzaren unitate motorizatuen atala) datuak hartu zituzten kontuan. Halere, ez da baztertzen biktimen kopurua zabalagoa izatea. Gainera, apirilekoak ez ziren izan elizateak pairatu zituen bakarrak. Besteak beste, urte bereko urtarrilean eta maiatzean ere matxinatuen hegazkinek eta Legion Condor alemaniarrak bonbak jaurti zituzten Erandiora.
Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren Euskal plataformak bat egin du hitzorduagaz eta bertaratzeko deia egin du, "Oroimena, Egia, Justizia eta Erreparazioa" goiburuaren pean. Sare Antifaxistak aurreratu duenez, martitzeneko ekitaldian, plaka bat ipiniko dute Ibarra kaleko 6. atarian, Laureano Jadoren estatuaren ondoan. izan ere, bertan erori zen Legion Condorrek botatako bonbetako bat. Espero dute bizirik atera zen auzokideren bat bertan izatea.