Emakume migratuek aukera izango dute, batetik, "zailtasunak, dudak eta nostalgiak" partekatzeko eta, bestetik, "pozak eta kemena, eta baita helburuak, ametsak eta esperantza berriak berreraikitzeko bideak ere". Berdintasun teknikariek gogorarazi dutenez, erronka askori egin behar diote aurre, emakume gisa ez ezik, atzerritar eta langile gisa "zailtasun eta oztopo denen gainetik" atera behar baitute. Elkarguneko prestatzailea Cony Carranza Castro izango da.
Ikastaroak bariku honetan aurkeztuko dituzte topaketa informal baten bidez. Hala, azalpenak emateaz gainera askaria ere izango dute Behargintzako egoitzan (Altzagako Desanexio kalea, 4). Saioa 18:00etan hasiko da eta 20:00etara arte luza daiteke. Bitartean, haurtzaindegi zerbitzua egongo da, 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, aurretik eskatuz gero. Prestakuntzaren gainerako saioak leku eta ordu berean izango dira, honako bariku hauetan: maiatzak 12, maiatzak 26, ekainak 9, ekainak 23 eta uztailak 8.
Inskripzioa betetzeko edo argibide gehiago eskatzeko honako kontaktu-bideak erabil daitezke: berdintasuna@erandio.eus eta 944 175 616.