Aljeriako basamortuan egindako proban Beristain eta Salvador hirugarren postuan sartu ziren; hala, biak podiumera igo ziren. Begoña Beristain kazetariarentzat, Saharan lehiatzen zen lehenengo aldia izan zen eta gustura egon zen, proba oso gogorra iruditu arren. Jon Salvador ertzainarentzat, ostera, ohiko hitzordua da basamortukoa: 31 ediziotan izan da. Halere, "gogor-gogorra" egin zitzaion. Alde batetik, aurtengo edizioa ohikoa baino askoz muturrekoagoa izan zelako, elementu biren erruz: 32 graduko tenperatura eta kontrako haize-ufada gogorrak; beste aldetik, Giorgio Calcaterra 100 kilometroko ultra-maratoietako txapelduna bezalako arerioak izan zituelako. Dena den, Salvadorrek bere buruari ezarri zion orain arte legez podiumean sartzeko, eta bete zuen helburua.
Erandioztarrek aukera izan zuten zenbait egun errefuxiatu sahararrakaz bizitzen emateko, euren etxeetan. Hala, pairatzen dituzten bizi-baldintza eskasen lekuko izan ziren. Gainera, atleta biek bertan laguntzeko hainbat material eroan zuten, Mugarik Gabeko Euskal Trenbideetako Langileak elkarteari esker.