Lutxana euskal kulturaz eta folklorez jantziko da

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 28a, 17:21
Kanpomartxo.

Euskarak, kulturak eta Erandiok bat egingo dute apirilaren 30ean, Lutxanan, 11:00etatik 20:00etara arte askotariko jarduerak izango dira: goizean, trikitilariak, euskal dantza-taldeen erakustaldiak eta bertso-saioak egongo dira; bazkalostean, kantaguneak eta umeentzako zenbait jarduera antolatuko dituzte. Kuadrillen arteko lehiaketaren ostean, Luhartz taldearen erromeriak amaiera emango dio aurtongo edizioari.

Jatorriz, Kanpomartxo ekimena inauterien aurreko domekan egiten zen. Orduan, familiak eta herriko taldeak batu egiten ziren, eta mendira edo landa aldera joan ohi ziren, bazkaldu eta eguna pasatzera. 1994an, Berbots Erandion Euskaraz elkarteak ospakizuna berreskuratu eta zaharberritu zuen. Gaur egun, zenbait helburu dauzka: euskaldunen eta euskaltzaleen bilgune izatea, euskara eta euskaltasuna giro atseginez uztartzea, herriko elkarteen arteko harreman-sarea sendotzea eta herriko jende askoren agendan sartzea, besteak beste. Berbotsek ekimena berrartu zuenetik, 23 urtean Kanpomartxo Erandioko auzo ezberdinetan antolatu dute; aurton, Lutxanan izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun