Zubi mugikor batek lotuko ditu Erandio eta Barakaldo

Ander Zarraga 2021ko mai. 11a, 12:54

Bulebar berriak Bilbo eta Getxo lotuko ditu, zazpi kilometroko ibilbideagaz.

Bilbo eta Getxo arteko bulebarraren egitasmoak aurrerapauso bat eman du Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatu duten lankidetza protokoloagaz. Iragarri dute oinezkoentzako eta bizikletentzako zubi mugikor batek lotuko dituela Erandio eta Barakaldo.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak sinatu duten protokoalagaz, bakoitzaren jarduera-eremua adostu dute, itsasadarraren ezkerraldeko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo batuko dituen zubia gauzatzeko. Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak eta Ricardo Barkalak, Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, sinatu dute lankidetzaren oinarriak finkatzeko hitzarmena.

Protokolo horrek erakunde bien eginkizunak ezartzen ditu eta, hala, Aldundia bizikletentzako eta oinezkoentzako bulebarraren proiektua gauzatzeaz eta eraikitzeaz arduratuko da. Bere aldetik, Bilboko Portuak bere jabegoan dauden lurrak eta ur-lamina xedatuko ditu lanok egiteko, eta ibaiertzetako dikeen mantentze-lanez arduratuko da.

Ildo berean, xehetasun gehiago eman dituzte Erandio eta Barakaldo elkartuko dituen zubiaren inguruan. Azaldu dute oinezkoentzat eta bizikletentzat izango den egitura mugikorra izango dela; izan ere, zubia urtero batez beste 120 alditan zabaldu beharko dela aurreikusi dute. "Oraindik merkataritza-ontzien eta itsas museora doazen itsasontzien trafikoa pasatzen da bertatik, eta urtean tamaina handiko 100 itsasontzitik gora izan daitezke; horietako askok zubiak izango dituen 30 metroko altuera gainditu ditzakete, beraz, hori ere kontutan dugu proiektua gauzatzeko", azaldu du Barkalak.

Lanak 2022an hasiko dira

"Daborduko eraikuntza proiektuakaz gaude, eta aurreikuspenen arabera lanak 2022ko bigarren erdialdean hasiko dira, eta bi urte iraungo dute", iragarri zuen Unai Rementeriak, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak, proiektua aurkeztu zutenean. Egitasmo horren arabera, lanok 2024an amaituko dira, guztira 36,5 miloi euroko inbertsioagaz.

Bulebarrak zazpi kilometroko ibilbide laua izango du, bizikletentzako zein oinezkoentzako eremu bereiztuakaz. Azaldu dute ahalik eta zabalena izango dela, eta zati batzuetan itsasadarreko ur-laminaren gainetik eraiki beharko dutela.

Bai zubia, bai bulebarra, Bredako Unibertsitateko eta Dutch Cyclist Embassyko bizikleta-mugikortasunean adituak diren nazioarteko taldearen eta Bizkaiko bizikletaren talde bultzatzailearen ezagutzagaz eta esperientziagaz definituko direla ere iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun