Pertsonala politikoa da

Aitana López Hernández 2022ko uzt. 21a, 13:52

Uda iristearekin batera kanpaina asko jartzen dira martxan gogorarazteko jaiak guztionak direla, ez dugula eraso matxistarik onartzen. Salaketa protokoloak aktibatzen ditugu, etxera laguntzeko mekanismoak, kaleak pankartaz betetzen ditugu, txapak banatu, salaketa telefono bereziak aktibatu. Eta hori guztia ondo dago.

Ondo dago, eremu publikoa guztiontzako gune gisa defendatzea ezinbestekoa baita demokrazian. Herritarren erdiak badugu publikoan jazarriak, abusatuak, irainduak, erasotuak, bortxatuak eta erailak ez izateko eskubidea espazio publikoan. Baina pribatuan ere.

Izan ere, espazio publikoa emakumeena dela berez defendatzea oso garrantzitsua den bitartean, emakume gehienen infernu partikularra beren etxeetan eta oheetan ematen dela gogoratu behar dugu.

Egia esan, indarkeriarik bortitzena, kaltegarriena eta amaitzen zailena dena etxeetan ematen da. Egunero. Etxeetan gizonek erasotzeko kalean aurkitzen ez duten inpunitate espazio bat aurkitzen dute.

Pandemia garaian, Erandion, ikusi dugu erasoen jakinarazpenak bat zetozela tabernak ixteko ordu ezberdinekin momentu bakoitzean eta, beraz, etxera iristeko orduarekin. 2017an, herriko neska gazteek aitortzen zuten, 5etik 1ek, noizbait lagun batek sexu-erasoa egin ziela. Seihileko honetan iritsi diren erasoen tipologia askotarikoa da eta emakume bakoitzaren zirkunstantziak oso ezberdinak, baina gehienak etxeetan gertatu dira eta lagunak, bikotekideak edo bikotekide ohiak dira erasotzaileak.

Etxean nahi izan gaituzte giltzapetuta, etxean gu erasotzeko libre sentitzen baitira. Gainera, bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeria matxistan jarduten duten mekanismo psikologikoek zaildu egiten dute emakumeok jasaten dugun indarkeria identifikatzea, bikoteak erasotzailetzat hartzea eta horietatik banatzea edo urruntzea. Denboran luzatu egiten den indarkeriaren ondorioak, kasu hauetan gertatzen den bezala, nekez ezabatzen dira. Horrela, kartzela pribatuak dira etxeak. Feminismotik, pertsonala politikoa dela gogoratu behar dugu.

Pertsonala erabat politikoa da, izatez. Eta ez, ezin ditugu etxeetan pankartak jarri, telefono-zenbakiak aktibatu edo puntu moreak instalatu. Baina espazio publikoa demokratizatzen jartzen dugun indar bera jarri behar dugu etxeetan dauden kartzela pribatuekin amaitzeko.  Horretarako estrategiak sortzeko. Bestela, arazoaren sakontasuna ikusezin bihurtzen ariko gara, patriarkatuaren erreprodukzio mekanismoak bertan errotzen baitira eta bertan kartzelaturik baitago emakumeen gehiengoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun