Auzolana Erandioko ondare historikoa eta naturala berreskuratzeko

Erredakzioa 2023ko uzt. 3a, 11:51
Aitziber Oliban alkateak bisita egin zien boluntarioei eta egonaldia "bizitza osorako harreman-sarea osatzeko" gomendioa egin zien. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko landa-inguruneko ondare historikoa eta naturala berreskuratzeko proiektuan parte hartzen ari dira Espainiako Estatuko hainbat erkidegotatik etorritako hogei bat gazte. 15 egunez, ekainaren 30etik uztailaren 14ra bitartean, egingo dute egonaldia. 

Burgos, Bartzelona, Valentzia, Madril, Kantabria, Gipuzkoa edo Zaragozatik etorritako 20 bat gazte ari dira aurtengo Erandioko Auzolandegian lanean, Erandioko landa-inguruneko ondare historikoa eta naturala berreskuratzeko proiektuan. 

Eusko Jaurlaritzak eta Erandioko Udalak sustatzen dute programa eta Astrabuduko Ignacio Aldekoa ikastetxean du oinarria. Bertan, ekainaren 30etik uztailaren 14ra bitartean hainbat jarduera egingo dituzte. 

Auzolandegietako proiektuak inguruko iturriak eta iturburuak garbitzean, zaharberritzean eta izendatzean datza. Aurten, Azkaiturri eta Uredarre erreken jaiotzagaz lotutako bidezidorrak markatzea, bai eta interes historiko eta etnografikoa duten karezko labeak berreskuratzea eta zaharberritzea ere izango dira beraien zereginetako batzuk.

Gazteek, goizetan egiten dituzte boluntariotzaren esparruko gaikako lanak, eta arratsaldeetan eta aste-akabuetan jarduera osagarriak dituzte. Animazio-taldeak parte-hartzaile guztien eta eremua hartzen duen komunitatearen arteko harremana ahalbidetzeko jarduerak proposatzen dizkiete, jolasak, kultura jarduerak eta kirolak praktikatzen dituzte, besteak beste.

Programak, halaber, bizikidetzako, tolerantziako, elkartasuneko eta partaidetzako balioak sustatzeko helburua ere du. Gainera, Auzolandegiek Erandioko nortasuna eta marka ere sustatzen dute, hori dela eta, horiek amaitzean, egindako ekintzen berri emango dute, herritarrak kontzientziatzeko natura-ondarea behar bezala mantentzearen garrantziaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun