Itsasadarrak gainezka egin du Erandion, marea bizia dela eta

Ander Zarraga 2023ko ira. 4a, 11:08

Aste-akabuan egondako marea bizien eraginez, itsasadarreko urek ohikoa baino gorago egin dute Nerbioi ibaiaren ibilbideko hainbat puntutan. Erandion, adibidez, ibaiertzak gainezka egin du eta ur-putzu handiak sortu dira itsasadarretik gertuen dauden eremuetan. Erandioko Auzokideok taldeak partekatutako bideoan zapatu arrastiko itsasgorak Altzagan utzitako irudiak ikus daitezke.  

Taldeko kideek azaldu dutenez, erandioztarrak ohituta daude horrelako gertakizunetara: "Bizitza osoan itsasadarreko uragaz bizi izan gara, bai saneamenduaren eraginez, bai marea bizien bidez ere". Hala ere, gertakizuna baliatu gura izan dute ohartarazteko beraien kezka nagusia aurreikuspen falta eta etorkizuneko planen eza dela, daborduko itsasontzi handien trafikorako itsasadarra dragatzen ez denez, "itsasadarrak hamarkadak daramatzalako sakonera galtzen eta husteko gaitasuna murrizten". 

Gaineratu dutenez, "40 urte bete dira 1983ko uholde larrietatik, orduan itsasadarrak ez zuen gainezka egin Erandio Basamortun, baina orain, egoera honegaz, zer gertatuko litzateke?".

Arazo horrek daborduko Gasolinoaren zerbitzuari eragiten diola deitoratu dute, itsasbehera batzuetan zerbitzua etenda egotera derrigortuta baitaude, itsasontzientzako hondo nahikorik ez dagoelako. 


Marea bizietako itsasgorak Altzagan beti eragin izan duela adierazteko partekatu duten argazkia. © ERANDIOKO AUZOKIDEOK
 

Halaber, gogoratu dute hilaren amaieran beste marea bizi bat egongo dela, "espero dezagun osagai ziklonikorik ez izatea, astronomikoaz gain, horregaz mareak nabarmen egiten baitu gora".

Marea biziak eguzkia, ilargia eta lurra lerrokatuta daudenean gertatzen den fenomenoa da, non  mareek ohikoa baino alde gehiago hartzen dute. Fenomeno hau hilero errepikatzen bada ere, badira muturrekoagoak diren bi aldi: iraila-urria eta otsaila-martxoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun