Jado ikastetxeko ikasleek laborategi bihurtu dute Irailaren 23a plaza

Ander Zarraga 2024ko ots. 14a, 15:08
Jadoko ikastetxeko ikasleak zientzia kalera atera dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean. © JADO IKASTETXEA

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Erandioko Jado ikastetxeko DBH 3. eta 4. mailako ikasleek jardunaldi berezia egin dute gaur Kultur Zientifikoa irakasgaian egindako esperimentuak herritarrei eta beste ikasle batzuei erakusteko. 

Jado ikastetxeko ordezkariek azaldu dutenez, Erandioko bizilagunen aurreko esperientzia hori bat dator zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak bateratzen dituen STEAM planagaz; izan ere, egiten duten lana aurkezteko aukera emateaz gain, emakumea zientzian bistaratzeko eta eremu horretarako orientazio akademikoa sustatzeko aukera eman diela azpimarratu dute.

Halaber, azaldu dutenez, gaurko egitasmoaren helburuak asko izan dira: ikaskuntza, sormena eta proaktibotasuna sustatzea;  zientzia-, zenbaki- eta teknologia-trebetasunak garatzea;  zientziaren eta teknologiaren arloan emakumeek egiten duten lana ikusaraztea; kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea tokiko esparrutik; eremu honetan erreferente femeninoak eskaintzea bokazio berriak bultzatzeko; bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea udalerriko neskengan eta STEAM ikasketetako genero-arrakalari buruz hausnartzea, horren inguruan dauden oztopoak eta aukera berriak barne.


Esperimentuak DBH 3. eta 4. mailako ikasleek egin dituzte beste herritar eta ikasle batzuentzako. © JADO IKASTETXEA

Halaber, gaurko jardunaldian zehar, Irailaren 23a plazako gune bat gorde dute tailer zientifiko-teknologikoak egiteko, eta beste batean, historiako emakume zientzialari garrantzitsuenei buruzko erakusketa bat ere egin dute. Tailer horiek Jadoko DBHko irakasleek dinamizatu dituzte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako Kultura Zientifikoko ikasleen laguntzagaz. Gainera, tailerrak amaitzean, parte-hartzaileek oparitxo bat ere jaso dute.

Hauek zian dira gaur egin dituzten tailerrak: DNAren erauzketa ikusteko biologia tailerra, indarra eta mugimenduari buruzko fisika tailerra, erreakzio kimikoak erakusteko kimika tailerra eta robotika tailerra. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun