Martxan daude Erandioko narrazio- eta bertsopaper-lehiaketak

Ander Zarraga 2024ko ots. 19a, 10:27
Lanak online zein ikastetxeetan edo Udalaren Euskara Zerbitzuan aurkeztu daitezke.

Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak 23. Narrazio eta 16. Bertsopaper lehiaketetarako lanak aurkezteko epea ireki dute, eta parte hartzaileek beraien idazkiak aurkeztu ditzakete martxoaren 22ra arte. Baldintzen artean, eskatu dute narrazio-lehiaketan Erandioko berben zerrendako gutxienez hiru erabiltzea.

Lehiaketan erandioztar guztiek eta udalerriko ikastetxeetako ikasleek ere parte har dezakete euskaraz idatzitako narrazio, ipuin edo bertsopaperak bidaliz. Antolatzaileek iragarri dute parte hartzaile kopuruaren eta adinaren arabera erabakiko dituztela kategoriak eta saridunak erabakitzeko herriko kulturagaz edo euskal munduagaz zerikusia duten talde edo norbanakoak aukeratuko dituzte.

Saridunek 80 eta 100 euro bitarteko balioa duten sari-txartelak jasotzeaz gain, bestelako sorpresaren bat ere izango dutela aurreratu dute antolatzaileek; kategoria bakoitzeko hiru sari emango dituzte.

Lehiaketako idatziak martxoaren 22ra arte bidali daitezke, bai Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuan, Irailaren 23a plazan edo norberaren ikastetxean. Hala ere, antolatzaileek "papera ekiditeko" lanak lotura honetako formularioaren bitartez bidaltzeko ere eskatu dute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun