Saio umoretsuan, zubietarrak jakin izan zuen ilusioa helarazten bildutako dozenaka bertsozaleei eta, hain zuzen ere, hori izan zen arrakastarako formula, lehenengo aldiz publikoak aukeratu baitzuen irabazlea, tartean sentsazio hori, ilusioa, hoberen transmititu zuena saritzen. Trino Azkoitia Algortako Bertsolari Eskolako sortzailetako batek eman zion makila. Maddalen Arzallus gelditu zen bigarren eta finalaren atarian lotu ziren Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi. Jon Martin, Nuria Cortada, Nerea Ibarzabal eta Endika Igartzabal legez, orain arteko txapeldunen erretratua jaso zuten beste guztiek. Eskolako beste sortzailetakoa izan zen Andoni Iriondoren alabetako batek, Nagore Iriondok, eta Iñaki Benito del Vallek banatu zituzten oroigarriak, ALBEren 35. urteurreneko lehenengo ekitaldian.
Azpirozek 2011n irabazi zuen Abra Sariko txapela. Lau urte beranduago makila eskuratu izanak erabat poztu zuen, saio ederra egin ondoren, gainera: "gure artean saioan zehar komentatzen ibili gara oso saio polita joan dela, bizia; ariketek ere umorerako tartea utzi dute eta nahiko bereziak izan dira. Horrela, saioa oso alaia eta atsegina irten da. Ni pertsonalki oso gustura gelditu naiz, Abian oso toki erosoa da kantatzeko, oso gozoa, publikoa ere bertsozalea da eta gu entzuteko prest egon da. Gehio ezin da eskatu. Ostiral borobila niretzat, behintzat".
Halere, Asier Azpiroz ez ezik enparauek ere irribarrea piztu zuten. Horrela, Nerea Ibarzabalek eta Jon Martinek lehenengo ofiziotik berotu zuten publikoa; Nerea Cortadak eta Maddalen Arzallusek ere "Grey-ren 50 itzalak" aitzakiatzat hartuta, bilurrak eta zigorrak atera zituzten; Jone Uria Logroñoko espetxeko kartzeleroak zur eta lur begiratu zion bi bozgorailu handirekin Otegi bisitatzera etorritako Fermin Muguruzari; eta Beñat Gaztelumendi eta Endika Igartzabal ere, zaleak algaraka jarri zituzten.