Ekainaren 27ko GART’15 jaialdirako lanak aurkeztera deitu du Garrobik

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 2a, 11:00

Garrobiko kideak batzarrean.

Garrobi kultur elkarteak GART’15 izeneko jaialdia egin gura du ekainaren 27an. Iragarri dutenez, zapatu horretan hamaika arte jarduerak beteko dituzte Algortako kaleak. “Kolorea, magia eta irudimena protagonistak izango dira egun batez gure herriko kaleetan”,  adierazi dute Getxoko Artisten Harrobiko kideek. Hala, edozein diziplinatako artistei luzatu diete euren burua aurkezteko gonbita, festibalean parte hartzeko asmoz.

Jasotako proposamen denen artean aukeratutako lanak ekainaren 27an kalera aterako dituzte Algortako erdialdeko guneetan: plazetan, parkeetan, etorbideetan eta Getxoko Udalak Bihotz Alai plazan jarri ohi duen karpa eta agertoki handian. Erakusketak, kontzertuak, antzezlanak, performanceak, proiekzioak, poesia-irakurketak, berbaldiak, eta askoz gehiago egongo da GART’15 jaialdian.

Helburua edozein diziplinatako artistei euren lanak aurkezteko aukera ematea da, banaka edo taldeka, “haien zabalkundea eta herritarrekiko hurbilketa handituko duten ekintzen bitartez”, azaldu du Garrobik. Gauzak horrela, deialdian parte hartu gura duten artistek e-posta bidez egin beharko dute eskaera, euren datuak bidaltzearekin batera.

Getxoko Artisten Harrobia

Batetik, Getxoko errutina artistiko-kulturala sendotzeko asmoz sortu zuten Garrobi urtearen hasieran hainbat sortzaile gaztek. Nahiz eta udalerriko eskaintza kulturala zabala den, “herriko sortzaileen fruitua faltan” botatzen zuten. Baita “errutina kultural sano eta herrikoia” ere. Getxo eta inguruetako arte-kulturaren eskaintza indartzea zein bertoko artisten produktuak erakustea da Getxoko Artisten Harrobiaren helburua.

info+: www.garrobi.com/festival-jaialdia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun