Garrobi arte eta kultur elkarteak GART jaialdia egingo du bihar, zapatuagaz, Algortan. Egun osoko egitaraua antolatu dute, goizeko 11:00etatik gaueko 00:00ak arte. Denbora tarte horretan, besteak beste, erakusketak, tailerrak, kontzertuak, antzerkiak, performanceak, proiekzioak eta berbaldiak hartuko dituzte Algortako San Nikolas eta Bihotz Alai plazek. Getxoko eta beste leku askotako 30 artistak baino gehiagok parte hartuko dute, euren lana ezagutzera eman ahal izateko. «Helburua hainbat diziplinatako artistei euren lanak aurkezteko posibilitatea ematea da, banaka edo taldeka, haien zabalkundea eta herritarrekiko hurbilketa handituko duten ekintzen bitartez», azaldu dute elkarteko kideek.
Jaialdira gonbidatutako artisten artean dugu Diego Marquesek eta Maitane Sarraldek osatzen duten Latatxo proiektua. Bi artista horiek azaldu dutenez, «elkartea eta hura osatzen duten kideak ezagutarazteko aukera bat» da jaialdia, artea kontsumitzeko aukera emateaz gainera.
Egun osoan, artistek euren lanak aurkeztuko dizkiete bertaratuko direnei; eta bere lekua izango du artista bakoitzak. «Uneoro» ekintzak egongo direla jakinarazi dute artistek: «eguna jardueraz beteta egongo da. Halaber, hainbat ekintza egongo dira publikoagaz, elkarri eragiteko».
Festibalaren ordutegia egun osokoa izango da: 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 00:00etara. Doakoa izango da, gainera, sarrera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.