Algortako Bertsolari Eskolak 35 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko ekitaldiak antolatzen dabiltza urte osoan. Udaren etorreragaz batera, biderkatu egiten dira saioak han eta hemen. Azaltzen dutenez, ALBEk urteak daroatza udarako «bertso-menu ikaragarria» eskaintzen, eta aurtengoa «berezia izanik», arrazoiak soberan. Portu Zaharreko Balkoitik balkoirako bertso-saioagaz ekin zioten udako maratoiari, Andoni Egaña eta Fredi Paia bertsolariakaz. Hurrengo saioa Bertso Jaialdi Mundiala izango da, gaur, iluntzeko 21:00etan Algortako Bihotz Alai plazan. Horrez gainera, Getxon zein Uribe Kosta eskualde osoko herrietan «nahi beste formatutan» eskainiko dituzte bertso-saioak.
Urteurren arrakastatsua
ALBEren 35. urteurrena ospatzeko orain arte egin dituzten ekitaldiak «benetan arrakastatsuak» izan direla diote bertso-eskolakoek: ABRA sariketaren edizio bereziak orain arteko txapeldunak batu zituen; eta Bertso-afari tematikoan Jon Maia eta Maialen Lujanbiok atzerako bidaia egin zuten 80. hamarkadara. Bada, orain egingo diren saioak gehituko zaizkio urteurreneko ekitaldien zerrendari, «eta urte bukaerara hurreratu ahala, aurreratu dutenez, beste ekitaldi garrantzitsu bi izango dira: bata, bertsoa, musika eta dantza batuko dituen jaialdia, irailaren bukaeran; bestea, urteurreneko gala handia, abenduan».