Begoñako galeriekiko herritarren iritzia jasoko dute gaur

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 22a, 16:10

Ekitaldia galerietako ekitaldi-aretoan egingo dute, 18:30ean.

Begoñako galerietan herritarrek parte har dezaten ekitaldi bat egingo dute gaur, eguenagaz, 18:30ean. Ekimen horregaz, galeriak "balioan" jartzeko proiektuko ildo estrategikoen garapenean aintzat hartu beharreko ekarpenak jaso gura dituzte.

Begoñako galeriak birgaitzeko proiektuari lotuta, partaidetza-prozesu bat egiten dabiltza, horren barruan dago ekitaldia. Ander de la Fuente Eraikitako Ondarearen EHUKo Ikerketa Taldeko arkitektoak azaldu duenez, ekimen horregaz "ekintzak egin ahalko dira kidetasun-sentimendua baliabide bihurtzeko".

Herritarren partaidetzarako ekitaldia galerietako ekitaldi-aretoan egingo dute, 18:30ean, eta ordu bi iraungo du. Lehenengo zatian, ondarea eta haren aukerak zaintzeak zer garrantzia duen azalduko dute, ondarea baliabide sozio-ekonomiko bihurtzeko bidean. Begoñako galeriak balioan jartzeko proiektuak zer helburu dituen ere jakinaraziko dute. Bigarren zatian, ekitaldira joaten direnek elkarlanean jardungo dute antolatzaileakaz, galerien arteko lotuneak aintzat hartu eta  ekarpenak egiteko. Jasotako informazio denagaz oinarri bat osatuko dute; ondoren, EHUko ikertzaileek mapa bat egingo dute proiektu horren jarduketa-eremua eta eremu hori zabaltzeko mugak zehazteko.

Galerietako espazioaren ezaugarri­ak direla-eta, Udalak adierazi du ekitaldia mugatuta egongo dela: 55 lagunentzat bakarrik; hala, interesatuek aldez aurretik izena eman beharko dute Getxoko Udalaren webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun