Eskolaratze eta hizkuntzen ikaste prozesuari buruzko solasaldiak Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 15a, 12:55

Getxoko Udalak eskolaratze eta hizkuntzen ikaste prozesuari buruzko solasaldi bi antolatu ditu hilaren 28rako, eguena. Ekimena 2016-2017 ikasturteari begira Haur-, Lehen-, eta Bigarren-Hezkuntzako aurre-matrikulazioa egiteko epearen zabaltzearen ondorioz antolatu dute; epea hilaren 25etik otsailaren 5era arte izango da. Berbaldiak Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaile eta soziolinguistikan adituak eskainiko ditu.

Lehenengo solasaldia 17:30ean hasiko da, Algortako Azebarri kultur elkartearen egoitzan, "Euskaraz ikastetik euskaraz bizitzera" izenburupean. Bigarrena gazteleraz izango da, 19:30etik aurrera, Itzubaltzeta/Romoko Boluntariotza Zentroan, "¿Matricular a tus hijos/as en euskera aunque tu no lo sepas?" goiburupean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Sendiren laguntza dauka.

Imanol Landa Getxoko alkateak bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten familiei informazio eskutitza bidali die aipatutako solasaldien, ikastetxeetako aurre-matrikulazio kanpainaren eta heziketa elebidunaren garrantziaren berri emateko. Ildo horretan, alkateak gogoratu du B ereduak eta, batez ere, D ereduak eleaniztasuna bermatzen dutela, "eta horri esker seme-alabek hemengo bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz zein gaztelaniaz, ederki hitz egiteko aukera bermatzen da. Bestalde, hirugarren edo laugarren hizkuntza errazago ikasteko bidea irekitzen du , eta bide batez, etorkizunerako aukera gehiago izango dituzte”.

Pertsona interesatuek Udaleko Euskara Zerbitzuan eman beharko dute izena urtarrilaren 22a baino lehen, 944 660 010 telefono zenbakian edo euskara@getxo.eus helbide elektronikoan; toki kopuruak mugatuak izango dira hitzordu bietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun