Castroviejok lesioak pairatu ditu eroriko baten eraginez

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 22a, 18:15

Jonathan Castroviejo, artxiboko irudian. © MOVISTAR

Jonathan Castroviejo Movistar taldeko txirrindulari itzubaltzetarrak lepo orno bat eta kubitua hautsi zituen atzo domekan, eroriko batean, Algarveko Itzuliaren azken etapa bukatu ostean. Taldeko autobusera zihoala, bidean sartu zen ikusle baten aurka talka egin zuen getxoztarrak.

Movistar taldeak baieztatu duenez, txirrindulariak hautsita ditu seigarren lepo ornoa eta ezkerreko kubitua. Castroviejo Malhaoko helmugatik taldeko ibilgailuak aparkatuta zeuden tokirantz bizikletaz jaisten zebilela, ikusle bat errepidean sartu zen, eta haren kontra egin zuen talka.

Istripua izan ondoren, Faroko Ospitalera eroan zuten, ezker besoan eta lepoan mina zuela. Medikuen probek baieztatu egin zuten diagnostikoa: haustura, seigarren lepo ornoan eta kubituan. Ospitalean dago oraindino, medikuen txostenen zain, eta horren arabera erabakiko dute Euskal Herrira noiz eroango duten bueltan.

Istripuak Movistarren balantzea ilundu du. Taldeak emaitza ona lortu zuen sailkapen nagusian, Ion Izagirreri esker. Ormaiztegiarrak bigarren postuan amaitu zuen, Sky taldeko Geraint Thomasen atzetik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun