Castroviejori arrakastaz egin diote ebakuntza

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 25a, 17:50

Jonathan Castroviejo Movistar taldeko txirrindulari itzubaltzetarra. © MOVISTAR

Jonathan Castroviejo Movistar taldeko txirrindulari itzubaltzetarrari ezkerreko kubituan ebakuntza egin diote gaur goizean Iruñeko San Miguel klinikan. Txirrindulariak lepo-orno bat eta kubitua apurtu zituen domekan, ikusle baten aurka talka egitearen ondorioz izandako eroriko batean, Algarveko Itzuliaren azken etapa amaitu ostean. Pasa den astelehenean, Faroko ospitaletik anbulantziaz eroan zuten Iruñeko klinikara.

Ebakuntzaren aurretik, Mutua Navarrako mediku-zerbitzuek eta Osasunbideko Hidalgo traumatologia-doktoreak txirrindularia aztertu dute. Ondoren, Recarte eta Lecumberri traumatologia-doktoreek osteosintesia egin diote hausturan, ukondoa mugitu ahal izatea bermatuko diona.

Movistarren arabera, "zazpigarren lepo ornoaren hausturarako medikuek prozedura kontserbadorea hobetsi dute" eta kortse bat ipiniko diote, babes torazikogaz eta masailezurrekoagaz; kortsea hilabete bi eroan beharko ditu Castroviejok. Ebakuntzaren ondorengo eboluzioaren arabera bada ere, medikuek aurreikusi dute itzubaltzetarra datorren astearen hasieran ospitaletik atera ahal izango duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun