Politika  Getxo 2016-04-06 13:02

EAJ eta EH Bilduren arteko "akordioa" salatu du Getxoko PPk

Getxoko popularrek EAJ eta EH Bilduren artean aurrekontuak aurrera ateratzeko "adostutako akordioa" gaitzetsi du. PPren arabera, euren helburua da "burujabetzaren ideologia ezartzea" udalerrian, eta "ez getxoztarren egunerokotasuna hobetzea". Halere, aipatu beharra dago koalizio abertzaleak Getxoko gobernu-taldeak proposatuko duen aurrekontuen aurrean abstenitzea erabaki duela.

EAJ eta EH Bilduren arteko "akordioa" salatu du Getxoko PPk
Iñaki Gamero hauteskundeetan, artxiboko irudia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ustezko akordioak dituen zehaztasunak zeintzuk diren jakin ez arren, Iñaki Gamero Getxoko PPren bozeramaileak adierazi du bi alderdi nazionalista horien arteko paktuek eta akordioek "inoiz" ez direla "onuragarriak" izan udalerriarentzat. "Bi alderdi hauek bozkak batu dituzten bakoitzean lortutako emaitza negargarria izan da Getxorako eta getxoztarren sakeletarako, horren adibide garbia dugu, adibidez, bien artean adostutako zergen igoera", kritikatu du popularrak.

PP, Ciudadanos eta GUK taldeek aurrekontu horien kontra agertuko balira ere, EAJk eta PSEk garatutako aurrekontuak aurrera aterako dira, EH Bildu abstenituta.

Gameroren arabera, "EAJ eta EH Bilduren arduradun garrantzitsuek sinatutako akordio baten antzezpenaren aurrean gaude, autonomia hauteskundeetara arte jarraituko duena". Horren harira, popularrak uste du datozen EAEko hauteskundeei begirako "estrategia" baten ondorioz sortutako "erabakia" dela, "getxoztarren interesak babesteko aliantza bat sortzea baino".

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodríguez Larrinaga Erantzuna | #1

Ondo legoke jakitea zer da zehazki salatzen dutena akordioaren nondik norakoak ezagutzen ez badituzte...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa