Proposamen ugari, Algortako Gazteak taldearen ekimenez

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 15a, 12:57
Algortako Gazteak taldearen logoa.

Martxoaren 12ko aurkezpenaren ostean, martxan dira daborduko Algortako Gazteak aisialdi-talde alternatiboaren hainbat tailer. Hori horrela, bihar, zapatuan, mendi-taldeko neska-mutilek Algortatik Armintzara arteko ibilaldia egingo dute, goizeko 09:00etatik aurrera.

Itxura hartzen hasitako lehenengoa irakurketa tailerra izan da; 18 neska-mutil inguruk parte hartzen dute horretan, eta hilaren 22rako "La conjunta de los necios" liburua irakurtzeko hautua egin dute; ondoren, "Memorias de un amante sarnoso" lanari bide emango diote.

Mendi-taldeko neska-mutilek ere zereginik izango dute zapatu honetan, hilaren 16an. Izan ere, mendi-irteera bat antolatu dute egun horretarako; Algortatik Armintzara joango dira. Txangoa irekia izango da; hortaz, interesa duenak 09:00etan Telletxe plazara hurbildu baino ez du egin beharko.

Hurrengo zapatuan, hilaren 23an, berriz, bestelako txango bat egingo dute udalerriko neska-mutilek: sagardotegira joango dira. Horretarako, autobusa jendez lepo bete, eta Usurbileko sagardotegi batera abiatuko dira, ostean Hernanin gaueko jai-giroan murgilduko dira. Horretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra zegoen.

Gainerako taldeak apurka-apurka martxan ipintzen dabiltza, gazteek helarazitako proposamenak aintzat hartu eta gero.

Egitaraua

Apirilak 16, zapatua

  • 09:00 Mendi-irteera, Algortatik Armintzara. Telletxetik abiatuta.

Apirilak 23, zapatua

  • 11:00 Autobusa Algortako Telletxetik irtengo da.
  • 12:10 Poteoa, Zarautzen.
  • 14:30 Bazkaldu Usurbileko Arratzain sagardotegian.
  • 18:00 Hernanira.
  • 03:00 Hernanitik buelta autobusez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun