Getxoko Udalak tasa eta zergen zati bat %0,65 igotzea proposatu du

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 19a, 10:40
Getxoko udaletxea.

Getxoko gobernu-taldeak udal tasa eta zergen zati bat %0,65 igotzea proposatu du, "udal zerbitzu guztietan epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko, inolako murrizketarik gabe, eta getxoztarren bizi-kalitatea mantendu eta hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko asmoz". Gogoratu dutenez, tasak eta zergak, oro har, izoztuta egon dira 2007tik.

Hala ere, aldakuntza batzuk egon direla onartu dute; berbarako, beheranzkoa zabor-tasan (%30 jaitsi zen etxebizitzetarako eta %35 komertzioetarako). Eta goranzkoa, 2012an, gama altuko ibilgailuen zirkulazioko zergan.

"Udal tasa eta zergen eguneraketa honen helburua da udal sarreren eboluzioan normaltasunaren bidean sartzea berriro ere, hau da, ematen diren zerbitzuen kostuaren igoerari egokitu ahal izatea, KPIaren kostuaren gehikuntzaren arabera.Azken 9 urteetan izoztuta egon dira, baina aldi horretan pilatutako KPIa %10 baino gehiago izan da", esan du Inazio Uriarte Ogasun zinegotziak.

%0,65eko eguneraketa horretan zenbait tasa (estolda, zabor edo bide publikoa okupatzeko tasak, adibidez) eta zerga (trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga) sartzen dira. Aldi berean, OHZ ez da sartu. Izan ere, zerga horretan eragina daukan foru araua aldatzeke dago.

Musika Eskola, Udal Egoitza eta Getxo Aquarium

Andres Isasi Udal Musika Eskolan zerbitzuak ematea arautzen duten tasei dagokienez, ikasturteko matrikula murriztu da (96 eurotik 30 eurora) eta tresnagaz kontaktuan jartzeko 9 hilabetean fakturatutako ikasgaiaren kostua ere murriztu da (hileko 9,66 eurotik 5 eurora), baina musika-tresnen eskolak igo dira (hileko 28,89 eurotik 35 eurora), 9 hilabetean ere, baita ikasgai kolektiboak ere (hileko 12,59 eurotik 20 eurora). Era berean, udal erakunde horrek beka-sistema bat dauka baliabiderik ez daukaten familientzat. Sistema horren hornidura datorren ikasturtean gehituko da.

Udal Egoitzan laguntza jasotzeagatik eta bertan egoteagatik ordaintzen den tasari dagokionez, % 4,2ko eguneraketa proposatzen da tarifetan (2007. urtetik eguneratu gabe daude). Igoera hori zerbitzuaren kostuak ordaintzeko da, kostuok ez direlako estaltzen Aldundiaren diru-laguntzakaz. Modu berean, tasa ordaintzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez daukaten erabiltzaileen kasuan (bai egoitzan sartzean, bai egonaldian zehar), tasa murriztuko da, beren diru-sarreren %85 ordainduz.

Azkenik, 2008tik pilatutako KPIari egokitzeko asmoz, Getxo Aquariumeko bisten tasa % 9,40 gehitu da.

Inazio Uriarte Ogasun zinegotziaren adierazpenak: (© GETXOKO UDALA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun