Gaur izango da "Komunikatuz eraldatu" jardunaldien hirugarren saioa, Algortan

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 19a, 10:00

"Komunikatuz eraldatu - herriak euren komunikazioaren jabe" izeneko jardunaldien hirugarren saioa egingo da eguen honetan, hilak 19, Algortako kultur etxean, Villamonetan. 19:30etik aurrera, "Eutsi edo hil, herri indigenen salaketa, ikuspuntu eta proposamenak" dokumental-emanaldia eta berbaldia egongo dira, gonbidatu indigenakaz; biak gaztelaniaz.

Latinoamerikako gonbidatuak ondokoak izango dira: Bashe Nuhem (argentinarra, komunikatzailea eta errealizadorea, Asociacion Comunitaria Indigena de Comunicacion taldeko kidea) eta Ivan Sanjines (boliviarra, Fundacion para el Desarrollo de la Comunicación Intercultural CEFREC-eko zuzendaria eta sortzailea).

Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu ditu Uribe Kostan, HIRUKA komunikazio-taldeagaz elkarlanean, "Komunikatuz eraldatu - herriak euren komunikazioaren jabe" izeneko jardunaldiak. Mugarik Gabekoek azaldu dutenez, "mass-mediek sustatzen duten pentsamendu bakarrari aurre egiteko, herri-komunikabideen bitarteko komunikazioa ezinbesteko tresna dela erakutsi gura da, eraldaketa soziala, tokian tokiko kultura eta hizkuntzak eta beste jendarte eredu bat bultzatzera bidean. Horretan beharrean dabil hemengo eta Latinoamerikako komunikabide alternatibo eta indigena ugari". Berbaldiak, mahai-ingurua eta dokumentalen emanaldiak egongo dira Euskal Herri, Bolivia, Argentina eta Mexikoko komunikatzaile eta kazetarien parte-hartzeagaz.

Azken saioa

Maiatzak 26, eguena

  • 19:30 Herri indigenek egindako dokumentalen emanaldia eta berbaldia gonbidatu indigena bategaz, gaztelaniaz. Algortako Villamonte kultur etxea.
  • Latinoamerikako gonbidatuak: Mariano Estrada (Tzeltzal herria, Mexiko. Komunikatzailea eta zinemagilea, Coordinadora Latinoamericana de Cine y Comunicacion de los Pueblos Indigenas  CLACPI-eko koordinatzaile orokorra da).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun