Argazkiak, urteen isla

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 11a, 11:00
Aurten ere "Oheak" izeneko saioak egingo dituzte. © GETXOPHOTO

Urriaren 2ra arte, Getxo udalerriko kale eta gune publikoak beteko ditu Getxophoto Argazkigintza Jaialdiak; hogei erakusketa eta hainbat jarduera programatu dituzte. Oraingo honetan, Denbora edukiko du ardatz jaialdiak: zelan erakusten, aditzera ematen eta komunikatzen duen denboraren espazioa argazkigintzak. Begihandi elkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren eta "hainbat txoko-kide, dendari, ostalari eta zaleen laguntza dauka" jaialdiak, Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendari eta komisarioak adierazi duenez.

Egun hauetako ekitaldiei dagokienez, ostera dator Oheak: Getxoko argazkigintza-festibalak zinemari eskaintzen dion jarduera. Film on bat egundoko gune batean ikusteko aukera emango du jarduerak, eta modurik erosoenean gainera; ohean etzanda. Irailaren 14ra arte 15 ohe bikoitz ipiniko dituzte Begoñako galerietan, eta Christian Petzold zuzendari alemaniarraren "Phoenix" filma proiektatuko dute. Oheak pertsona birentzako dira, baina izena banaka eman daiteke eta ohea beste pertsona bategaz partekatu. Berokia edo manta eroatea gomendatu dute antolatzaileek.

Bestalde, irailaren azken-aurreko aste-akabuan gaueko ibilaldiak egingo dituzte lehenengo aldiz. Ordu eta erdiko iraupena edukiko dute; argazkilarien lanetara hurbiltzeko ezohiko modua ahalbidetzea dute helburu. Bisitariakaz gune berria partekatzea da asmoetako bat, bestea, edizio honetan jorratzen dabiltzan Bidaiak gaiari bestelako ikuskera eskaintzea da. Bisita amaitu eta gero, edontzi-azpikoak ikustera hurbil daitezen animatuko dituzte parte-hartzaileak.

Amaitzeko, iraileko azken zapatu bietan "Ikusi Makusi" izeneko jarduera hartuko du Getxoko Nazioarteko Argazkigintza Jaialdiak. Umeentzat bereziki prestaturiko ibilaldia da; jaialdiko erakusketa batzuk ezagutzeko bisitaldi gidatua, irudien edukiaren eta lan-prozesuaren inguruko azalpenakaz amaituko da. Umeek pertsona heldu bategaz joan beharko dute.

Ekitaldi batzuk

  • Oheak

Irailaren 8tik 14ra
Emanaldi bi eguenetik zapatura (20:00 eta 22:00). Emanaldi bakarra domekatik eguaztenera (22:00). Doan.

  • Gaueko Ibilbideak

Irailak 16 eta 17
20:30 Begoñako galeriak (sarrera, Ereaga hondartzatik). Sarrera: 3 euro.
Esku-argia eroatea beharrezkoa da.

  • Zarauzko Photomuseum-era

Irailak 17, zapatua
09:30 Irteera, Algortatik. 14:15ean, itzulera. Salneurria: 18 euro.

  • Ikusi Makusi

Irailak 17 eta 24
18:00 Getxophotoren informazio-gunea (Amezti 4, Algorta). Salneurria: 2 euro.
Ezinbestekoa da aurretik izena ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun