Bizkaiko Bertsolari Txapelketak udagoieneko faseari ekingo dio zapatu honetan

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 12a, 11:04
Udabarriko Fasearen akabuko sailkapenean lehenengoa izan zen Imanol Uria. © BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA

Zapatu honetan, urriak 15, hasiko da 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko fasea; Mungian jokatuko dute lehenengo saioa, Olalde aretoan, 17:30etik aurrera. Hain zuzen ere, lehengo kanporaketa horretan, Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Garikoitz Sarriugarte, Mikel Retolaza eta Miren Amuriza edukiko ditu aurrez aurre Imanol Uria algortarrak.

Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.

Txapelketaren egitura

Udaberriko Fasetik sailkatutako bertsolariek jarraituko dute txapelketan aurrera, eta horiei, Bizkaiko txapelketaren finalean inoiz kantatu duten bertsolariak batuko zaizkie; 30 bertsolari, guztira. Eskualdeko bertsolariei dagokienez, zazpi egongo dira kanporaketetan: Imanol Uria; Arrate Illaro; Josu Landeta; Inazio, Peru eta Beñat Vidal; eta Paule Loizaga. Jone Uria azaroaren 19ko finalaurrekoan hasiko da lehian, 2014an finalista izan zelako.

Gauzak horrela, urriaren 15etik azaroaren 5era, bost kanporaketa jokatuko dira; urriaren 29koa Kultur Leioan izango da, baina ez da eskualdeko bertsolaririk egongo. Finalaurrekoei dagokienez, azaroaren 19an, azaroaren 27an eta abenduaren 3an jokatuko dituzte. Azkenik, abenduaren 17ko finala finalaurrekoetatik sailkatutakoek osatuko dute; 17:00etan izango da Bilbao Arenan, Miribillan.

Sarreren salmenta

Saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke. Daborduko salgai daude txartelak, eta asteek aurrera egin ahala ipiniko dira finalaurrekoetarakoak. Bonua ere eskuragai dago: kanporaketa faserako eta finalaurrekoetarako balio duen sarrera orokorra (finala ez dago barne). Saio bakoitzeko egunean bertan ere txarteldegian erosi ahal izango dira sarrerak. Txarteldegiak 16:00etan zabalduko dituzte.

Saioak:

Kanporaketak

Urriak 15, zapatua

  • 17:30 Mungiako Olalde aretoa. Imanol Uriak (Algorta) parte hartuko du.

Urriak 22, zapatua

  • 17:30 Sestaoko musika-eskola. Arrate Illaro (Algorta), Josu Landeta (Getxo) eta Inazio zein Peru Vidal (Leioa) egongo dira.

Urriak 23, domeka

  • 17:30 Igorreko Lasarte aretoa. Paule Loizagak (Sopela) parte hartuko du.

Urriak 29, zapatua

  • 17:30 Kultur Leioako entzungela. Eskualdeko ordezkaririk ez da egongo.

Azaroak 5, zapatua

  • 17:30 Zaldibarko Olazar frontoia. Beñat Vidalek (Leioa) parte hartuko du.

Finalaurrekoak

Azaroak 19, zapatua

  • 17:30 Markina-Xemeingo Uni frontoia. Jone Uria (Algorta) hasiko da lehian.

Azaroak 27, domeka

  • 17:30 Basauriko Artunduagako kiroldegia.

Abenduak 3, zapatu

  • 17:30 Larrabetzuko udal frontoia.

Finala

Abenduak 17, zapatua

  • 17:00 Bilbao Arena (Miribilla).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun