Iazkoa homofobia-erasoa izan zela salatu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 19a, 15:42
Kontzentrazioa egin zuten Getxoko Justizia Jauregiaren aurrean.

Kitzikan sexu-askapenerako mugimenduak homofobia gaur eguneko kontua dela salatu zuen atzo, martitzena, Getxoko Justizia Jauregiaren aurrean. Iazko apirilaren 6an Algortan gertatutako eraso homofoboaren egileak epaitu zituzten bertan, ustezko erasotzaileak bistara agertu ez ziren arren. Hala ere, "liskar bat izan balitz bezala" epaitu dutela salatu du Uribe Kostako Kitzikanek; horren adibide, erasotuari berari ere egindako epaiketa.

Oier Lartategi eta Ekaitz Herrero Uribe Kostako Kitzikaneko kideek salatu zutenez, "oraingoan ere fiskalak ez du aintzat hartu gorroto-delitua; kaleko liskar bat izan balitz bezala epaitu dute". Batetik, ustezko erasotzaileak epaitu zituzten; bikotea ez zen epaiketara agertu. Isuna eskatzen dute horientzat. Beste alde batetik, erasotutako laguna ere epaitu egin zuten atzokoan, ustezko erasotzaileek jarritako salaketaren harira. Bere abokatuak eta akusazio publikoak bere absoluzioa eskatu zuten arren, berari ere isuna jartzea eskatu zuen ustezko erasotzaileek abokatuak.

Eraso homofoboa

Iazko apirilaren 6an, arrastian, eraso homofobo bat gertatu zen Algortako jatetxe batean, Kitzikan sexu askapenerako elkarteak zabaldu zuenez. Iturri berberen arabera, elkarte horretako kide bat modu bortitzean kolpatu zuten, eta zaurien ondorioz erietxera eraman behar izan zuten. Eraso hori salatzeko, Kitzikanek elkarretaratzea egin zuen hurrengo egunean, arrastian, Algortako Telletxe plazan. Getxoko eta Uribe Kostako hainbat eragilek eta alderdi politikok bat egin zuten deialdi horregaz; Itzubaltzetako Sare Antifaxistak, Uribe Kostako Ernaik, Algortako Bilgune Feministak, Eusko Alkartasunak, Gazte Abertzaleek, Ikasle Abertzaleek, EH Bilduk, Sortuk eta Aralarrek, besteak beste.

Kitzikanen irakurketa

Lesbofobia, serofobia, transfobia eta matxismoa egunerokotasunean pairatzen ditugu. Gaur, errealitate hori mahai gainean jartzera gatoz epaiketa aprobetxatuz. Eraso konkretuez harago, benetan kezkatzen gaituen egoera bestelakoa delako: sakonagoa, indartsuagoa, erabaki politikoan oinarritzen dena alegia. Eraso homofobo konkretu honetan dugu adibide garbia non ikusi dezakegun zelan funtzionatzen duen, ustez, “babestu” behar gaituzten horiek.

  1. Poliziak uko egiten dio "homofobia" hitza aipatzeari. Poco Vidarte ekintzailearen hitzak ekarri nahi ditugu gogora: "lehoiak esaten digute guri -zebrei-, lasai ibili gaitezkeela belarra jaten, beraiek lehoiak-, gu zaintzen gaituztelako". Hori da eskaintzen diguten aterabidea.
  2. Epaiketa egunean, erasotzaileak ez dira agertzen. Epaitegian esaten dute topatzerakoan jakinaraziko dietela epaiketaren bigarren saiakerarako data. Prozedura berdina darabilte pertsona guztiekin? Ez; badakigu jarraipen poliziala eta indarkeriazko atxiloketak beste pertsona batzuentzako gordetzen dituztena: militante politikoentzako, atzerritarrentzako eta sexu langileentzako.
  3. Fiskalak ez du homofobia ikusten gertatutako guztian. Hortaz, epaiketa honetan ez da gorroto deliturik epaituko. Kaleko liskarra balitz bezala baizik. Horrela desitxuratzen dute -beste behin ere- jendarte eraikuntza honek sortzen dituen problematikak.
  4. Azken horrekin batera, bukatzeko, erasotuaren kontrako salaketa jarri dute erasotzaileak. Algortan, horrelako beste kasu bat ere ezagutu dugu; non jarrera sexista bati aurre egiteagatik, salaketak jarri diren. Horren aurrean, argi eta garbi adierazi nahi dugu, legeen gainetik eta euren moralaren gainetik, autodefentsarako eskubidea azken muturreraino eramatearen aldeko hautua hartua dugula Kitzikan gazte antolakundean; eta dei egiten dugu herri eragileei hori ahalbidetzeko beharrezko elkartasun eta desobedientzia sareak eraikitzera.

Horrekin guztiarekin, ez diogu prozedura judizial hauei inolako zilegitasunik ematen. Salaketa jartzea ezinbestekoa bada ere, jakin badakigu zapalkuntza egoerak ez direla desagertuko herri borrokaz ez bada. Instituzioei soilik dagokie askapen prozesu guzti horiek bermatzea edo estropezu egin gabe alde batera mugitu.

Mundu osoko "queer" eragileok, urriatrans gaude ospatzen hilabete honetan zehar: Transexualitatearen eta intersexualitateen despatologizazioaren aldeko nazioarteko borrokarako eguna, urriak 22. Eta azaroaren hasieran "Kristal hautsien gaua" ere gogoratzen dugu: faxismo, homofobia, arrazakeria eta xenofobiaren kontrako eguna. Atzo eta gaur ematen diren eraso homofoboak; eraso puntualak izan edota egunerokotasunean ematen den zapalkuntza sistematikoa izan, izate berdina dute. Erantzule berdinak dituzte. Erasotzaile matxisten ideologia estatuaren ideologia darabilte. Erasotzaile homofoboen filosofia estatuaren filosofiaren berdina da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun