Etzitik aurrera, hiru abesbatzek kantatuko dute Getxoko Aste Koralean

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 24a, 10:00
Batavia Madrigal Singers taldea. © INDONESIAKO ENBAXADA

Aurtengo Getxoko Aste Korala eguaztenetik barikura egingo da, hilaren 26tik 28ra; daborduko, 36. edizioa. Ohi legez, saioak Algortako Erredentore elizan izango dira; 19:30ean. Sarrera, doan. Hala, beste behin, Getxon polifonia protagonista bihurtuko da hiru egunean, Hezetasuna auzoko jaietan jaio zen Aste Koralaren ekimenez.

Aurten, ekimenak nazioarte-mailako hiru abesbatza ezagun ekarriko ditu. Honako talde hauek entzuteko aukera egongo da: Batavia Madrigal Singers, Indonesiako koral mistorik sarituena, Jakarta hiriburutik etorrita; Ensemble Vocal Ámbar, Kubako boskote mistoa, pieza klasikoak zein kanta modernoen moldaketak abesten gozatzen duena; eta musika-ikaslek eta -profesionalek osatutako Tonos Humanos talde kolonbiarra. Eguaztenean, Batavia Madrigal Singers ganbera-abesbatzak abiatuko du astea. 1996an sortu zen taldea eta bere errepertorioak musika barrokoa, modernoa, profanoa, eliz musika eta Indonesiako tradizioko kantak eta dantzak hartzen ditu. Eguenean, Ensemble Vocal Ámbar boskoteaz gozatu ahal izango da, orain dela urte bi taldea zortzikote moduan sortu zen arren. Barikuan, Medellingo Tonos Humanos ahots-taldeak itxiko du festibala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun