Uriatarrek jarraituko dute Bizkaiko txapelketaren bila

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 9a, 10:51
Jone Uria Albizuri algortarra hirutan izan da Bizkaiko Bertsolari txapelketan finalista.

Imanol eta Jone Uria Albizuri anai-arreba algortarrak izango dira eskualdeko ordezkariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetan.

Zaldibarko Olazar frontoia bertsozalez bete zen joan den zapatuan, azaroak 5, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko Faseko bosgarren eta azken kanporaketan. Ariketa denak egin ostean, Nerea Ibarzabal Salegik lortu zuen puntu gehien batzea. Horrela, finalaurrekoetarako txartela lortu zuen bertsolari markinarrak, eta bere herrian, Markina-Xemeinen kantatuko du azaroaren 19ko finalaurrekoan. Hain zuzen ere, saio horretan hasiko da lehian Jone Uria Albizuri algortarra, 2014an finalista izan zelako. Hitzordua 17:30ean izango da, Uni frontoian. Bestalde, bere neba Imanolek azaroaren 27ko finalaurrekoan parte hartuko du, puntuazioaren arabera sailkatu ostean. Egun horretako saioa 17:30ean izango da, Basauriko Artunduaga kiroldegian. Abenduaren 3ko finalaurrekoari dagokionez, ez da Uribe Kostako ordezkaririk egongo, Larrabetzuko udal frontoian.

Uriatarrak izango dira eskualdeko ordezkari bakarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetan; izan ere, Beñat Vidal Gurrutxaga leioztarrak ez zuen sailkatzeko adina puntu lortu, Zaldibarko kanporaketan. Gauza bera gertatu zaie bere anai Inazio eta Peruri, Arrate Illaro Etxebarria algortarrari, Josu Landeta Egurrola getxoztarrari eta Paule Ixiar Loizaga Legarra sopeloztarrari, aurreko kanporaketetan jardun ostean. Finala abenduaren 17an, zapatua, jokatuko da, 17:00etan, Bilboko Bilbao Arenan, Miribillan.

Sarrerak salgai

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak daborduko salgai daude; www.bertsosarrerak.eus orrialdean eskura daitezke. Bestalde, saioen aurretik, txarteldegiak 16:00etan zabalduko dira, eta bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak. Finalaurrekoetarako sarrera arruntak 11 euroan egongo dira; gazteek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta Bertsozale elkarteko bazkideek 8 euroan edukiko dituzte. Finalari dagokionez, hurrenez hurren, 17, 9 eta 13 euroan egongo dira sarrerak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun