Preso gaixoak herriratzeko eskatzen dituzten pintaketak agertu dira Algortako Batzokian

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 15a, 15:50

Algortako Batzokian agertutako pintaketak. © EAJ-BBB

Pintaketaz beterik esnatu da gaur Algortako erdigunean dagoen Batzokia. Horietan, euskal presoen "amnistia osoa" aldarrikatzeaz gainera, EAJri "hiltzaile" deitu diote. Ildo berean, jeltzaleak PP alderdiagaz erkatu dituzte. Facebook bidez kaleratutako ohar baten bidez, EAJren Bizkaiko Buru Batzarrak "mota horretako jarrerak behin betiko uztea eta herritar guztien arteko bizikidetza" eskatu du.

Bizkai Buru Batzarrak uste du mota horretako jarrerak "onartezinak eta erabat bateraezinak direla bide politiko eta demokratikoen erabateko erabileragaz". Halaber, deitoratu du "Euskadiren garai berriei aurre egiteko ez diela inolako laguntzarik ematen".

Era berean, nabarmendu du "denon arteko elkarbizitza sustatzeko, beharrezkoa dela mota horretako jarrerak alde batera uztea behin betiko, benetako bakea lortzeko bidea zailtzen ez dutelako".

Hori denagatik, "eraso onartezin" horren egileei dei egin die ekintza horiek bertan behera uzteko, "euskal gizarteak nahi duen normaltasunaren kontra" ei doazelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun