Ekonomia  Getxo 2017-02-23 10:42

Apirilaren 5era arte aurkez daitezke Usategi kafetegia esleitzeko eskaerak

Usategi kafetegia izeneko eraikinaren errentamendu-kontratua lortzeko eskaerak egin daitezke daborduko, apirilaren 5era arte. Aipatutako higiezina Usategi parkean kokatuta dago, eta Getxoko Udala da bere jabea. Errentamendu-kontratuaren helburua da eraikina birgaitzea, pleguetan finkatzen diren beharrezko lanak eginez, ondoren hura taberna-jatetxe gisa ustiatzeko. Orain arte bezala, bere ostalaritza-jarduera B taldean (taberna-jatetxe, kafetegiak,... ) ezarritakoa izango da (Getxoko Ostalaritzari buruzko Ordenantzaren arabera), Eusko Jaurlaritzaren 2 taldekoaren parekoa (ordutegiei buruzko Dekretua).

Apirilaren 5era arte aurkez daitezke Usategi kafetegia esleitzeko eskaerak
Usategi kafetegia Portu Zaharraren goiko aldean dago, Usategi parkean. © GETXOKO UDALA. | Ikusi handiago | Argazki originala

Errentamendu-kontratu horrek 15 urteko epea izango du, baina beste 5 urtez luzatu ahal izango da; esleipendunak hilero errenta ordaindu beharko du, bere proposamen ekonomikoan jasoko dena.

Esleipenaren bidez kontratua bereganatzen duenak moldatze-lanak egin beharko ditu eraikinaren baliabideak optimizatzeko, eraikuntzaren egitura mantenduz. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak nabarmendu duenez, "lizitazio honek instalazioak gaurkotzeko ildoari eusten dio, negozio proiektuari eta gerora sortutako araudiari dagokienez; eraikineko zenbait leku konpondu eta hobetu nahi dira".

Estalkiei dagokienez, esleipendunaren esku uzten da aire libreko terrazetako estalki osoa edo zati bat egokitzeko aukera. Berbarako, eraikinaren teilatua egokitu ahal izango da terraza aire zabalera ateratzeko, Abra ikusteko behatoki bat izango balitz bezala. "Higiezina leku oso berezi batean dago kokatuta, Abraren eta Portu Zaharraren ikuspegi osoa baitago bertatik; oso erakargarria da getxoztar zein bisitarientzat, eta ahalmen handia atzematen diogu geroari begira", nabarmendu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa