Getxoko "Emakume eta gizonen egoeraren diagnostikoa" egin ondoren idatzi da IV. Plana. Diagnostiko hori Berdintasun Kontseiluagaz konpartitu da eta, horrenbestez, udal taldeakaz ere bai, baita emakume elkarteakaz eta talde feministakaz ere, Udalak jakinarazi duenez.
Getxoko emakume eta gizonek gaur egun bizi duten egoeraren irudi ahalik eta osatuena edukitzeko balio izan du diagnostikoak. Hori izan da IV. Planaren abiapuntua, eta planak atzemandako beharrizanei, arazoei edo hobetu beharreko alorrei erantzun egokia emateko balio duela eta egokitzat jotzen diren ekintzak sustatzen jarraitu ahal dela bermatzeko asmoz egin da.
Hurrengo lau urteetarako plan hau urtero ebaluatuko da, eta berdintasun politiken izaera transbertsala bermatzen duen ibilbide-orria izan gura du. Hartara, esku hartzeko lau ardatz dauzka: emakume eta gizonen arteko berdintasunerako gobernantza, emakumeak euren parte hartze soziopolitikorako eta balioak aldatzeko ahalduntzea, antolaketa sozial erantzunkidea, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza. Ardatz bakoitza bi programatan garatzen da eta, beraien helburuak betetzeko, 99 neurri proposatzen dira.