Gazte bi atxilotu dituzte Getxon larderiazko lapurreta-delitua egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 11:50

Ertzaintzak 17 eta 19 urteko gizonezko bana atxilotu ditu Getxo udalerrian, indarrezko lapurreta-delitua egotzita. Gazte biek tirakadaren metodoa erabilita lapurtu ei zioten poltsa emakume bati, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera. Tirakadaren ondorioz, emakumea erori eta zenbait lesio izan zituen buruan eta sorbaldetako batean.

Ustezko lapurreta atzo arrastiko 05:00etan jazo zen, Getxo udalerrian. Ordu horretan, Ertzaintzaren patruila bati jakinarazi zioten andrazko bati poltsa lapurtu ziotela, tirakadaren metodoa erabilita, Usategi parkean.

Une horretan, poliziek ustezko lapurrak aurkitzeko lanak hasi zituzten, eta handik gutxira, Telletxe kalean, egileen deskribapen fisikoagaz bat zetozen bi gazte atzeman zituzten. Hala, ertzainek gizonezko biak identifikatu eta diru-zorroa eta poltsa hurbileko kaleetan aurkitu zituzten. Hori horrela, gazte biak atxilotu zituzten, larderia erabiliz egindako lapurreta-delitua egotzita.

Ertzaintzak ikerketa zabalik du oraindino biktimaren telefono mugikorra aurkitzeko.

Atxilotutako gazteena, 17 urtekoa, bere amaren esku geratu da; bestea Getxoko epaitegira eroan dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun