Kirolak  Getxo 2017-03-04 11:00

Getxoko Udalak ia 1,1 milioi euro banatuko du kirol-taldeen artean

Etzi, astelehenean, Getxo Kirolak udal-erakundeak irekiko du epea udalerriko klubek eta kirolariek aurtengo diru-laguntzak eska ditzaten. Denera, 1.095.000 euro emango dizkiete kirol-elkarteei, euren ohiko jardueran laguntzeko, eta banakako lehiaketetan diharduten errendimendu handiko udalerriko kirolariei.

Getxoko Udalak ia 1,1 milioi euro banatuko du kirol-taldeen artean
Hainbat neska, gimnasia egiten. © GETXOKO UDALA | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteotan legez, deialdi bakarrean bateratu dituzte kirolari eskainitako laguntza denak. Horretarako, honako zazpi diru-laguntza lerroak ezarri dituzte:

  • Denboraldiko lehiaketetan parte hartzen duten klubak eta banakako probetan parte hartzen duten kirolariak (475.000 euro).
  • Udalerrian kirol-gertaerak antolatzeko (307.000 euro).
  • Udalerri mailako kirol-eskolak, oinarrizko kirola sustatzeko Getxo Kirolakegaz hitzarmena sinatuta dutenak (223.000 euro).
  • Herri-kirol tradizionaletarako (66.000 euro).
  • Fase finaletan parte hartzeagatik sortutakoak (10.000 euro).
  • Arrisku-kirola eta abenturazkoa (7.000 euro).
  • Jaietan kirol-jarduerak antolatzeko (7.000 euro).     

Diru-laguntza horiek denak emateko hainbat balorazio-irizpide hartuko dute kontuan; besteak beste, emakumeen kirolaren sustapena, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako jarduerak antolatzea eta kluben inplikazioa udalerriko kirol-politikan, eskola-kiroleko programen bitartez.

Interesa duten klubek eta pertsonek kontsulta ditzakete deialdiaren oinarriak eta eskabideak aurkezteko epeak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa