Bilbo Metropolitarraren LZPari buruzko erakusketa hartuko du Getxok martxoaren 13tik 19ra

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 10a, 13:24

Bilbo Metropolitarraren lurralde-estrategia berriaren berrikuspenari buruzko "Lurralde bizia" erakusketa ibiltaria hartuko du Getxok, hilaren 13tik 19ra. Erakusketa publikoa izango da eta udalerriko hiru kiroldegietan bisitatu ahal izango da, aldi berean: Faduran (Algorta), Gobelan (Itzubaltzeta/Romo) eta Andra Marin (Getxo), 08:00etatik 21:30era.

Hamar urte igaro dira Bilbo Metropolitarraren Lurralde Zati Plana (LZP) 2006an onetsi zenetik, eta berritu egin behar da; batetik, azken hamarkadan gertatu diren aldaketei erantzuteko eta, bestetik, egungo egoera berrira egokitzeko. Gauzak horrela, Foru Aldundiak haren berrikuspen-prozesua sustatu du, eta herritarrek parte hartu ahal izango dute prozesu horretan. Hala, aurtengo hasiera honetan Informazioa eta Diagnostikoaren agiria aurkeztuko da eta udagoienean, berriz, Berreikuspenaren Aurrerapena.

Guzti hori dela eta, datozen hilabeteetan, LZParen berrikuspenari buruzko erakusketa ibiltaria jarriko da planak biltzen dituen 35 udalerrietan. Erakusketaren xedea da plana ezagutaraztea eta udalerri bakoitzeko herritarrei azaltzea zertan datzan LZParen berrikuspen-prozesua eta zein kanal izango dituzten eskura Bilbo Metropolitarraren lurralde-estrategia berriaren diseinua egiten laguntzeko. Horretarako, prozesuak dakarrenari buruzko zortzi azalpen-taula daude ikusgai. Gainera, buzoi bat eta diptikoak egongo dira, iradokizunak egin edo datu pertsonalak eman ahal izateko, prozesuari buruzko informazioa zabalduko duten Newsletters-ak jaso nahi dituzten eragileen zerrendan sartzeko.

LZParen berrikuspena honako gai hauei buruzkoa izango da: Hiri-eremua; Eremu fisikoa eta Landa-eremua eta Azpiegitura Berdea; Azpiegiturak: Garraioa, Ura, Energia eta Telekomunikazioak; Ekipamenduak; eta Zeharkako Gaiak (euskara, lurralde inklusiboa eta gobernantza).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun