Programaren barruan sei jardunaldi egingo dituzte aurten; horietan, parte hartuko duten klubek euren eguneroko beharrean dauzkaten zalantza, kezka eta ardurak mahaigaineratu ahal izango dituzte. Jardunaldiotan, informazioa zein prestakuntza teoriko-praktikoa eskainiko dute zenbait adituk, kirol-kluben aholkularitzan esperientzia duten espezialistek, alegia. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kirol-klub baten funtzionamendua, antolatzen edo garatzen dituen jarduerak, datu pertsonalen babesa, erantzukizuna eta aseguruak, lan-kontuak eta araubide fiskala. Jardunaldi bakoitza ordu bikoa izango da.
Lehenengo saioa bihar, ostegunean, izango da, 19:00etan Fadura kiroldegiko ekitaldi-aretoan. "Kirol-klubaren funtzionamendua" goiburupean, Borja Osés abokatuak emango du. Kirol-klub batek behar bezalako funtzionamendua izan dezan, alderdi garrantzitsuenak azalduko ditu: klub batek bere bazkideakaz izan behar duen harremana eta horiek informazioa jasotzeko duten eskubidea; Batzar Orokorraren bilerak; Zuzendaritza Batzordeak akordioak onartzeko erregimena eta klubaren organoek akordioak hartzerakoan duten erantzukizuna; zenbait liburu nahitaez bete beharra, eta abar.