Getxo Rugby Taldeak 11-27 irabazi zion Sanse Scrum taldeari pasa den aste-akabuan, Madrilen. Bost entsegu eta sailkapenerako bost puntu gehiago lortu zituzten.
Hala, bost jardunaldi jokatuta, emakumezkoen senior taldea bigarren doa jada taulan. Klubaren ustez, hori "oso posizio erosoa" da "ligako playoffen faseari ekiteko". Bàrbara Pla Getxoko joko-zabaltzaileak esan duenez, "bost puntu horiekaz, Ohorezko Mailan iraungo dugula ziurtatzeaz gainera, playoffetan pentsatzen has gaitezke". Beren-beregi, taldeak puntu bakar bat behar du lehenengo lau sailkatuen artean geratuko dela ziurtatzeko. Izan ere, Getxo buru-belarri sartu da Ohorezko Mailako finalerdietan egoteko borrokan.
Getxoztarrek 19 puntu dituzte, Olímpico Pozuelok baino sei gutxiago. Hain zuzen ere, sailkapeneko burua izango da hori-beltzen hurrengo arerioa; Madrilen izango dute partida, zapatuan. Beraz, bizkaitarrak are gehiago hurreratu ahal izango lirateke lehenengo postura. Halere, Plaren ustez "partida zaila" izango da: "Olímpicok bere partida denak irabazi ditu hobariakaz, eta garaitu beharreko aurkaria da". Dena den, getxoztarrak prest daude demarako: "zailtasunak zailtasun, ahalegindu egingo gara. Erronka bat da eta gu erronkazaleak gara", agindu du Plak.
Jaitsieratik ihesean
Getxo Rugbyko gizonezkoen talde nagusiak oso bestelako errealitatea bizi du gaur egun. 4 partidaren faltan, bederatzigarren daude taulan, 23 puntugaz. Jaitsieratik sei puntura daude, eta jaitsiera-promoziotik bostera. Martxoaren 26an derbi garrantzitsua jokatuko dute Hernaniren aurka.