Movillak Barakaldo futbol-klubaren aurkako salaketa ipiniko du

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 22a, 20:45

Movilla, Barakaldoko futbol-zelaian. © JOSÉ JIMÉNEZ - BARAKALDO FUTBOL-KLUBA

David Movilla entrenatzaile itzubaltzetarrak bere kaleratzearen aurkako salaketa ipiniko dio Barakaldo futbol-klubari, baina ahaleginduko da akordio batera heltzen, epaitegietara jo barik. Aurretik, Orlando Saiz klubeko presidenteak leporatu zizkion "bere eginkizunetan neurria gainditzea", klubeko "beste behargin batzuen aurkako salaketa larriak eta begirunerik eza" agertzea eta "Barakaldoren irudian negatiboki eragitea".

Horregatik, "nire ohoreari eta lan-eskubideei eraso egin dietela", salatu du Movillak, klubaren zuzendaritzak ez baitio akusazio horietatik defendatzen utzi, ahalegindu bada ere. Klubari, jokalariei, teknikoei eta zaleei eskerrak eman dizkie beste denagatik. Zuzendaritzatik dimisioa eman zuten zenbait kidek babesa eman diote publikoki.

Movilla klub barik dago pasa den martxoaren 13tik. Barakaldoko futbol-taldeak egun horretan komunikatu zion teknikoari lan-kontratua iraungi egin ziola. Ezkerraldeko kluba sutu egin zen pasa den astean, Bizkaiko egunkari batek barne-idazki bat argitaratu zuenean, teknikoen arteko elkarlan gaiztotua iradokiz. Movillak batasuna eskatu zuen, arrakasta barik. Movilla Barakaldoren lehenengo taldeko entrenatzaile eta kirol-zuzendaria zen pasa den 2015eko ekainetik, malkoen artean Leioako Kirol Elkartea, bederatzi urtez bere etxea izan zena utzi zuenetik. Aurreko denboraldian Barakaldo igoeratik gertura eroan zuen, baina ez zuen lortu promozio-fasea errematatzea. Aurten, kluba seigarren doa, igoera lortzeko egoera zailean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun