Areetako Ondarreta abesbatzak mendeurren erdia bete du. Urrezko ezteiak ospatzeko, ekintza ugari antolatu ditu, berbarako disko berri bat argitaratuko du, eta 17 emanaldi baino gehiagotan parte hartu. Horien artean, Urrezko Ezteien kontzertu berezia eskainiko dute urriaren 27an, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, Leioako Kantika Korala abesbatzagaz batera.
Jon Atxa Ondarreta abesbatzaren presidenteak azaldu duenez, Ondarreta 1967-2017 izeneko oroitzapenen argitalpena Ama Mesedeetako elizako kriptan grabatu dute. Abesbatzaren historia laburbiltzen ez badu ere, diskoak gorazarre egin gura die azken 50 urte hauetan taldetik pasatu direnei eta abesbatzak duen errekonozimendu soziala izaten lagundu dutenei. 1.000 ale argitaratu dituzte, eta 8 euroan salduko dira hainbat saltokitan. Modu berean, apirilaren akabuan Pablo Díaz-Guardaminok egindako Ondarreta 50 años liburua aurkeztuko dute. Bertan, abesbatzak bizi izan dituen aro guztien ibilbide luze eta zehatza aurkeztuko dute, argazki ugariz lagunduta.
Hilabete beranduago, maiatzean, abesbatzari eskainitako zigilua eta zigilu-marka aurkeztuko dituzte, Getxoko XXXIV. Filatelia-erakusketan. Ondoren, irailaren 21ean, Areetako Mesedeetako jaietako pregoia irakurriko dute. Irailaren 26an, Areetako Xake plazan ipinitako karpan, Peruko Alturas taldeagaz batera América Canta–Misa Criolla izeneko kontzertua eskainiko dute. Azkenik, urriaren 27an, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, urte osoan egindako ekitaldiei amaiera emango diete. Horretan parte hartuko dute Leioa Kantika Koralak eta Coral Ondarreta Abesbatzak.