Euskaraz ikasteko diru-laguntzak banatuko ditu aurten ere Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 27a, 14:22

Gidabaimena euskaraz ateratzeko diru-laguntzak ere emango dituzte aurten. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak 70.360 euro banatuko ditu aurten euskara sustatzeko urteroko egitasmorako. "Laguntza horiekin Udalak gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko apustua eta konpromisoa mantentzen ditu helburu batekin, hau da, euskaraz bizi nahi duen pertsonak hori egin ahal dezan", azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.

Zenbateko horretatik, Udalak 63.360 euro banatuko ditu euskara ikasteko gizabanakoei zuzendutako diru-laguntzen artean eta beste 7.000 euro enpresei bideratutakoen artean. Hain zuzen ere, 55.360 euro euskara ikasi gura eta baliabide ekonomikorik ez dutela frogatzen duten getxotarrentzat izango dira. Aurtengo berritasuna izango da familia unitate eskatzaileen gehienezko diru-sarrerak areagotu egin direla, herritar gehiagok eskatu ahal dezaten laguntza. Kasu horietan eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.

Bestalde, Udalak 1.000 euro onartu ditu Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. 6.000 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat. Kasu horietan eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.

Beste 1.000 euro elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria euskaraz lortzeko izango dira, eta eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.

Azkenik, 7.000 euro bideratuko dira, errotuluak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da enpresentzat.

2016an euskara ikasteko 163 laguntza eman ziren; 36 laguntza gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiteko; aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko laguntza bakarra, eta 30 errotulu eta elementu ipini ziren euskaraz (18 euskara hutsean eta 12 euskaraz eta gazteleraz).

Diru-laguntza horiekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuagaz, tartean, herriko elkarteei eskaintzen dizkien itzulpen zerbitzua; aholkularitza eta ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua; eta Getxoko merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun